Sozializatzen dugu daukaguna?

2019-10-28    iruzkin


“Orain egiten dugunaren araberakoa izango da etorkizuna”. Baina zehar behar dugu eta nola lor genezake? Galdera horri erantzuteko, gizakiok goi mailako prozesu psikologikoak nola garatzen ditugun ikertu zuen Lev Vygotsky zientzialari bielorrusiarraren irakaspenetara jo zuen Harkaitz Zubiri idazleak Euskara ala ezkara zikloan. Garapen Hurbileko Eremua da Vygotskyk utzi zuen kontzeptu garrantzitsuena, bakarrik egin dezakegunaren eta beste norbaiten laguntzaz egin dezakegunaren arteko aldea definitzen duena. Horren harira, esan zuen gero eta arraroagoa den arren kalitatezko lana bakarka egin ahal izatea, kultur sorkuntzan, askotan, XIX. mendeko paradigmak harrapatuta gauzkala, alegia, uste dugula sorkuntza indibiduo batek bere bakardadean ekoizten duen aurkikuntza dela. Horregatik uste du liburu batek irakurle gutxi dituenean adibidez, sarri, sozializazio arazoei leporatzen diegula errua, edo bestela, ondo prestatuta ez dauden hartzaileei, baina horrela pentsatzea sinplekerian erortzea dela dio, bozgorailu ozenago bat erabiltzeak ez duelako ezinbestean gure lana jendearengana iristea ekarriko.

Haren esanetan, kulturaren hiper-eskaintzan gauza bat aukeratu eta bestea baztertzeko arrazoia marka da. “Gure bizitzetan transzendentzia handirik ez duten liburuak, pelikulak eta museoak alde batera uztera jotzen dugu normalean. Kosta egiten da identifikatzea, kosta egin daiteke aitortzea, baina kultur-sorkuntzaren bat aukeratzen dugunean, marka utziko digun zerbait hautatzera jotzen dugu”. Gakoa, beraz, marka hori nola sortzen den identifikatzean dago.

Bere ustez, nagusiki esperientziak pizten du zaletasuna. “Gakoa, beraz, ez da programatzen den edo ez bakarrik. Gakoa da ea badauzkagun edo ez sorkuntza eta zaletasuna sustatuko duten espazio horiek”. Leku-imanak falta direla uste du Zubirik, lekuak, jendea elkartu dadin, jendeak zaletasuna garatu dezan, eta baita jende horrek gero sortzailea elika dezan eta sortzailea leku horretan artistikoki aberastu dadin. Bere esanetan, sortzen ditugun gune digitalak ez dira hain eraginkorrak izango bozgorailu hutsa badira. “Behar ditugu biltegi lana egingo duten gune digitalak, eta behar ditugu bozgorailuak, zalantzarik gabe. Baina, batez ere, interakziorako foroak behar ditugu”.

Multinazionalak igarrita daude. “Google eta Facebook bezalako enpresek oso argi dute hori, jendearen bizi-indarra oso aberatsa dela, eta horregatik ekoizten dituzte elkarguneak, interakzioak bertan gerta daitezen, azken batean jendeak dauzkan interakzio horiek diru-etekin bihurtzea delako beren helburua”. Eta guk ere antzera egin beharko genukeela uste du. “Mundu osoan ari da hazten Henry Jenkinsek kultura partehartzailea deitzen duena. Geure bertsioa behar dugu guk”. Horren harira, lankidetzaren bitartez sortu dezakegun sinergiak parekorik ez duela gogorarazi zuen, eta ezinbestekoa dela, gainera, kanpoko indarrek eragiten dituzten aldaketetara egokitzen jakiteko. Maurizio irla zapalduan kolonizatzaileek eragin zuten ekosistema aldaketara egokitzen jakin ez zuelako betiko galdu zen Dodo hegaztiari erreferentzia eginez, termino berri bat ekarri zuen: Postdodoismoa. “Luzaroan bizi dadila postdodoismoa”.