Prekarietateari galga
2018-10-08 iruzkin
Euskal sortzailea izatea “milagro” bat zela zioen Lorea Agirrek, eta eragile bakoitzak bere arduratik egin dezakeenaz gain, ezinbestekoa ikusten zuela kultur ekosistema baten parte garela aitortzea eta horren ondotik jokatzea. Eta ildo beretik hitz egin zuen urte askoan Susako editorea izandako Gorka Arresek ere Euskara ala ezkara zikloan, ohikoa duen estiloan, zorrotz eta behar direnak baino berba gehiago erabili barik. Kulturak pairatzen duen prekarietateaz ohartarazi zuen, sortzaileek jasotzen duten ordain eskasaz eta urratzen zaizkien eskubideez, eta Shakespearen ‘Hamlet’ antzezlan klasikoko protagonistak egiten zuen galdera bera egin zuen: Nork ematen die jaten antzerkilariei? Zer soldata klase jasotzen dute?
Ahoan bilorik gabe jardun zen berbetan, eta datu argigarriak eman zituen bere tesia arrazoitzeko.“Liburu bategatik normalean bi euro eramaten ditu idazleak. Urtean 38.000 euroko soldata egiteko (Susako editorea zen garaian urteak berak jasotzen zuena), 19.000 liburu saldu behar ditu. Ezinezkoa. Bertsolariei gauza bera gertatzen zaie. Saioko bertsolari batek 200 euro irabazten baditu, urtean 38.000 euro egiteko, egun batean bai eta bestean ez kantatu behar du. Lotsagarria da. Idazleek, bertsolariek, antzezleek, musikariek… ez dute soldata duinik”. Sortzaileek eskatzen duten horren kontzientzia hartzeko eskatu zien aretoan bildutakoei eta han ez ziren gainerako denei. “Kulturaren alorreko sortzaileak langileak dira. Eskubide sozialak dauzkate, beraz eskubide laboralak, juridikoak, politikoak eta moralak dituzte eta gainerako langile guztiek eskatzen dutena eskatzen dute: eskubideen errespetua eta ordain duina”. Sortzaileen eskubidea errespetatu eta aintzatesteaz gain, kultura gizartearen erdigunera ekarri behar dela esan zuen, denon artean bazterrera desplazatu dugula arrazoituta, eta ohartarazi zuen kultura lehen lerrora ekarri ezean, sekula ez garela herri modernoa izango. Bere aurrekoek esan bezala herria kulturak definitzen duela nabarmendu zuen; kulturak ematen dizkiola izaera, nortasuna eta gogoa herriari.
Sektorea ondo ezagutzen duenaren talaiatik aritu zen Arrese, gordin, kulturarentzako duintasun eskean: “Ohartzen ote gara prekarietatean bizi direla? Nork dakigu zein ordain-klase ematen zazkien? Ba al dakigu zelako kontratuak sinatuarazten dizkiegun? Ba ote dakigu zenbat eskubide urratzen dizkiegun aldiro? Konturatzen al gara haien lanarekin gozatzen dugula gure aisialdi eta jaietan? Konturatzen al gara zenbat aldiz kolaboratu duten doan edo merke? Konturatzen al gara zenbat nekatzen, erretzen eta erotzen diren kulturaren bidean? Zergatik dute emakumeek gizonek baino zailagoa?”
Duintasunaren izenean, kulturaren langileen oraina eta geroa estrukturalki babesteko eskatu zien agintariei eta hasteko “behingoz” Kulturaren Legea idazten. “Kulturaren egoera tamalgarri honi erantzuteko ez da aski borondatea. Behar dira erantzukizun sozialak, itun politikoa eta batez ere, aliantzak”.