Musikaren ertzak, ertzekoen musika

2018-10-08    iruzkin


Musikaren munduan txiki sentitzen dira batzuetan, baina handi ere bai beste zenbaitetan, euskal musikaren munduan ere badagoelako zentroa eta badirelako ertzak. Musikan, ertzeko sentitzen dira emakumea eta trikitilaria eta Iparraldekoa eta raperoa diren heinean, eta kulturaren munduan ere, zenbaitetan txiki sentitu izan direla aitortu dute, “ez delako gauza bera gaur hemen dugun oholtzara idazle edo pentsalari gisa igo edo musikari gisa igo”. Ertzaz, hegemoniaz, txikitasunaz eta txiki izatearen handiaz jardun ziren Ines Osinaga eta Odei Barroso musikariak Euskara ala ezkara zikloan, elkarrizketa formatoan.

Barrosok esan zuen bertsolari eta Iparraldeko gisa etiketatzen dutela gehienetan, eta beti bertsolari etiketa eraman beharra pisu zaiola, rapa egiten ari denean. “Euskaldunok sarri ezagutzen dugun horretatik etiketatzen dugu ezagutzen ez duguna, baina rapa ez da bertsolaritzaren aldaera bat. Rapa bertsolaritzaren aldaera bat dela esatea litzateke saskibaloia futbolaren aldaera bat dela esatea, baloia erabiltzen dutelako”. Rapa egiten du berak, eta euskaraz, eta aspertua dago beti galdera berari erantzuten. “Zortzi urte eta hiru diska eta gero, ‘rapa eta euskaraz?” galdegiten didate oraindik kazetari batzuek, eta kokoteraino nagoenez galdera horretaz, hori galdetzen didatelarik galdegiten diet nik: Eta zergatik galdegiten didazu hori? Uste duzu ez dela posible? Modernoa eta euskara ezin da bat izan? Berria eta euskara ez datoz bat?”. Bere kasuan, rapa euskaraz egitea hautu kontzientea dela azpimarratu zuen.

Antzeko galderari erantzun beharra izan dio sarri Osinaldek, bereziki Goseko abeslari sasoian: Zergatik abesten duzu euskaraz?. Erantzuna ere ikasia zuen, erantzun beharraren erantzun beharraz. “Gauza bera esaten nien beti: euskaraz kantatzen dugu, Goseko abeslariak euskaraz egiten duelako amets. Urte askoan balio izan dit erantzun horrek, baina orain hasi naiz pentsatzen hautu kontziente bat izan zela. Hizkuntza hegemonikoan kantatzen dutenek erantzun beharrik izan ez dituzten galderei erantzunak bilatzen topatu dira behin baino gehiagotan, eta ez dute nahi besteek egiten dutenak epaitzen hasterik. “Ez dugu beharrik”. Baina zalantza egin du Barrosok euskara eta erdarak nahasten dituztenen arrazoien inguruan. “Ez al da izango euskara ez dutelako aski ikusten?”

Euskal kulturaz sarri eman den definizioak ere aztoratuta ditu. Barrosok aitortu zuen sarri entzun behar izan duela rapa ez dela euskal kulturan sartzen. “’Rapa amerikanoa da’, esaten digute. Bai, jakina, ska doinuak geuk asmatuak dira-eta! -bota zuen ironikoki- Dena egin daiteke euskaraz. Hastapenetik entzuten dut nik euskaraz rapak ez duela sonatzen eta ostikada bat jasotzearen parekoa zait hori. Zergatik ez du sonatzen? Zure belarria ez duzulako ohitu? Ala agian beldur bat duzulako euskara modu horretan ikusita?”, galdera egin zuen, eta erantzuna eman ere bai: “Gure beldurretatik eta gure konplexuetatik abiatzen dira halako erranak”. Bat etorri zen Osinalde ere. “Ez gaude prest kontsumitzera boteprontoan arrotza egiten zaigun zerbait. Euskaraz entzun nahi ditugu beti euskaraz entzun ditugunak”. Osinaldek sarri jo du trikitia berez trikitiaren plaza naturalak ez diren lekuetan, eta aitortu zuen maiz arrotz sentiarazi duela publikoak. “Sakrilegioren bat egiten ari nintzen moduan begiratzen zidaten”.

Euskal erreferenteak eta haien transmisioa

“Gauza asko ez ditut ulertzen ahal” horren atzean, batzuetan hizkuntza gaitasuna egon daitekeela uste du Barrosok, baina aitortu zuen kezkatzen duela Lapurdin euskal ereduan ikaskide izan dituenak halakoak esaten entzuteak. “Rapero frantses bati dena ulertuko diote, baina 2Zio osorik ez dute ulertzen?”. Eta hezkuntza ereduaren inguruko zalantzak ekarri zituzten gero. “Ikastolek balio ote dute euskalduntzeko edo hizkuntza ulertzeko bederen?”. Balio ote dute ikastolek erreferenteak sortzeko eta daudenak ezagutarazteko? Zer da kultura transmititzea? Nola egiten dugu hori? Galderak gehiago dira erantzunak baino. Garbi dute euskal erreferenteak egon badaudela, baina ez ditugula ezagutzen. “Jendeari erakutsi behar zaio badela aski jadanik eta egin behar direla urratsak hori ezagutzeko”. Horren ardura, baina, denona da.

Euskara ezin da postaletara mugatu. Euskara, egin, egin behar da. “Lapurdi batean, adibidez, frantses jendeari euskalduntasunetik transmititzen dioguna hutsala da: euskal kirolak, euskal dantzak… postaletako folklore hori saltzen dugu, baina gero bagoaz ekitaldi bat ikustera eta hizlaria frantsez hutsean ari da”, bota zuen Barrosok. Jaialdi askok euskaratik duten bakarra izena dela azpimarratu zuten, eta horren inguruan gogoeta egitera deitu.

Lapurdiko adibideak ekarri zituen Barrosok, eta Euskal Herriaren zatiketa administratiboaz galdetzeko baliatu zuen egoera Osinaldek. Etxean bertan ari delarik arrotz zenbatetan sentitu den galdetu zion lagunari, eta hark erantzun zion bertsolari gisa gutxitan sentitu dela lekuz kanpo, baina musikari gisa, sarri. “Donibane Lohitzunen jotzen dugularik jendearen erdiak ez gaituelako ulertzen eta heldu garelarik Hegoaldera, ‘hau da Iparraldeko taldea’ entzun behar izaten dugu. Ez otoi!. Iparraldea terminoak errealitate jakin batzuk ulertzeko bakarrik balio du. Sara eta Zugarramurdi biziki gertu daude, baina bat da Iparralde, eta bestea, Hegoalde. Inposatu dizkiguten mugek guhaurrek egiten ditugu geure”. Donostian gertatutakoa jarri zuen adibidetzat. Kontzertu aurretik, Independentzia leloa soinean zeraman mahai-teknikariak nongoak ziren galdetu eta erantzuna entzunda, honela esan omen zien: “A, Frantziakoak orduan!”. Beraiek orduan: A, Espainiarra zu hortaz!”. Mina bi aldeek sentitu zuten.

Hizkuntzaz eta identitateaz hitz egiteko baliatu zuten adibidea. Inongo zalantzarik gabe esan zuten euskarak egiten gaituela herri, eta euskaraz kantatzeko egindako hautu kontziente horren kontzientzia handiagoa agertu dietela sarri atzerrian etxean bertan baino. “Japonian giran ibili ginenean hona etorri eta behin baino gehiagotan galdetu ziguten. ‘Eta euskaraz kantatu duzuen han?’. Han, jakina, natural hartu zuten. Are, Madrilen, behin zera bota zidan batek: Eso que cantáis en euskera os queda tan cool….’. Gure balioan sinestea ez litzaiguke batere gaizki etorriko”, esan zuen Osinaldek. Eta ez zuen zalantzarik egin Barrosok. “Denok ikusten dugu hobeto gure burua zentroan, baina ertzetara begiratzea ere komeni da. Ertzetatik ere ikasi behar da, guk ikasten dugun bezala zentrotik anitz”. Batak bestea elikatu beharko lukeela uste dute.