‘Kirolean hitza hartuz’ esperientzia

2022-10-03    iruzkin


Deustuko Berbaizu euskara elkarteko bazkideek egindako gogoeta-prozesu batetik irten zen ideia da Kirolean hitza hartuz egitasmoa. Hausnarketa-prozesu hartatik atera zuten ondorio nagusia zen kirol-guneetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zela. Eskolak bakarrik ezin zituela umeak euskaldundu ere gauza jakina zuten. “Euskararen eagutzaren ontzia betetzen ekarpen handia egin du eskolak Bilboaldean ere, baina erabileran ez zen gora egiten, eta indarrak hor jartzea erabaki genuen”, azaldu zuen Markel Barojak Berbaizu Euskara Elkarteko langile eta S.D. Deusto futbol taldeko kapitaina. Euskaraz egin ahal izateko aukerak sortu nahi zituzten -arnasguneak-, eta non lan egin nahi zuten ere zehaztu zuten. Bost kirol talde aukeratu zituzten (C.D. Deusto, Artizarra Deustualdeko emakumeen futbol taldea, Elorrieta, Deustuko arraun taldea eta Arangoitiko eskubaloi taldea) eta hasi zituzten bilerak zuzendaritza taldeekin. “Jarrera ona agertu zuten”. Hamar urterako euskara planaren barruan, kirola estrategikotzat onartu zuten, “euskarak behar dituen esperientzia positiboak” ematen dituelako, eta ekintza ezberdinak proposatu zituzten, tartean bost elkarte horietan euskara planak garatzeko proiektua. Ez zuen aurrera egin horrek, baina.

Hala ere, Berbaizuk erabaki zuen proba egitea S.D. Deuston. Ahozkotasuna indartzea jarri zuten helburutzat, kadeteetatk beherako mailetan. Zuzendaritzakoei eskatu zieten jabetzeko euskaraz egiteko zegoen ohitura falta iraultzeko zein lagungarri izan zitekeen kirola; entrenatzaileei entrenamenduak hobetzeko bitartekoak eskaini zizkieten, gutxieneko euskara bat entrenamenduetan sartuta; gurasoentzako euskara ikasteko tailerrak antolatu zituzten eta kirolariei partida ondorenetan elkarrizketak euskaraz grabatzen hasi ziren, gazteek kirolaren bidez euskarazko ahozkotasuna lantzeko aukera emateko. Gurasoak inplikatu zituzten horretan. Esperientzia pilotua izan zen, eta emaitzak ikusita, zabaltzeko moduko ekimena.