Kirola ere herrigintza da
2022-10-03 iruzkin
Zalantzarik ez du Iñaki Ugarteburu Bergarako kirol teknikariak, 2003tik 2011ra Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari izandakoak: “Kirolak giza-kohesiorako balio du, herria egiteko balio du. Harremanak hobetzen laguntzen digu, integratzen laguntzen die adibidez bazterketa arriskuan daudenei eta bakardadean bizi direnei, talde bateko kide sentitzeko aukera ematen du, bai eta harrotasuna ere talde horretako kide izateagatik, eta kirolaren praktika onak bizitzarako lagungarri izango zaizkigun balioak ematen dizkigu”. Kirola kontzeptua “anbiguoa” eta “aldakorra” dela zehaztu zuen Ugarteburuk, eta nork bere interpretazioa egingo duela, bere bizipenen arabera, baina Europako Kirol Ituna aipatuz esan zuen hiru helburu hauek betetzen dituen jardun fisikoari dei dakiokela kirola: Egoera fisikoa eta ongizate mentala mantentzea edo hobetzea, harreman sozialak osatzea edo maila guztietan lehiaketan emaitzak lortzea.
Eta hain justu ere, hiru puntu horien inguruan ardaztu zuen hitzaldia. Kirolak lana sortzen duela esan zuen, gozamena eman eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duela eta duen garrantzirako erakundeen partetik ez duela behar beste jasotzen. “Kirolak behar ditu baliabide gehiago. Eta guk -erakundeetakoak-, jakin behar dugu herritarrei lana errazteko gaudela. Aprobetxatu behar dugu jendea prest dagoela kirolaren eta herriaren alde egiteko, eta eskerrak emateaz gain, baliabideak, laguntzak, formazioa… eman behar diegu, gero eta zailagoa delako ezer antolatzea ere”.