Euskaldun izatea eta identitate askotarikoak
2021-10-29 iruzkin
Zer da euskaldun izatea?. Sinplea zirudien galdera egin zien Kike Amonarriz filologo eta Topaguneko presidenteak solaskideei, eta hiru minutuan, hiru “definizio” jaso zituen. “Euskalduna ez da euskaraz dakiena soilik, baizik eta Euskal Herriko eremuan euskaraz dakien norbait aurkitzen duenean hari euskaraz egiteko hautua egiten duena. Mandatu bat darama euskaldun izateak, euskara jakiteaz batera”, esan zuen Ibai Iztuetak, kognizio zientzien eta giza zientzien adarrean doktoreak, euskalduna termino deskriptiboa baino gehiago preskriptiboa dela nabarmenduta. Etnia eta sentimendu jakin bati lotuagoa ikusten du Tarana Karim abokatu, itzultzaile eta aktibistak euskaldun terminoa, eta garbi du: “Ni hemengoa naiz, baina ez naiz euskalduna, Azerbaijangoa naizelako”. Zazpi hizkuntza hitz egiten ditu Karimek, baina bakarra sentitzen du berea: “etxekoa”. Eneko Gorri Miarritzeko Euskara teknikariak, berriz, XXI. mendean euskaldun izatea izokina izatea zela erantzun zuen, “korrontearen kontra egitera behartua dagoen izokina”.
Ikuskera ezberdinak izanda ere, euskaldun izaten jarraitzeko zer behar dugun galderak hurbildu zituen aparte ziruditenak. Euskararentzat lurraldetasuna eta nazio dimentsioa proiektatzea behar-beharrezko ikusten du Gorrik, “gaur, Parisera begira gaudelako gero eta gehiago Ipar Euskal Herrikoak, eta Madrilera begira Hegoaldekoak. Sare bat sortu behar dugu, euskaratik”. Eta horri lotuta, euskaldun kontzientzia indartzeko beharra ikusten du. “Inportantea da oroitzea zer garen eta oroitzea kondenatuta gaudela korrontearen kontra egitera. Gauza politak ere ekartzen dizkigu horrek, gainera: batzen gaitu, komunitate egiten gaitu, eta baloratu behar ditugu gauza polit horiek”.
” Nazio dimentsioa proiektatzea behar dugu. Ez da aski nazio kontzientzia izatea, baina ezinbestekoa da ]
Iztuetak ere ezinbesteko ikusten du euskararentzat nazio dimentsioa proiektatzea, hori egin ezean beste hizkuntza batek hartuko duelako euskararen lekua. Eta ikusten hasia da hori. Euskaldun terminoa vasco hitzaren ordain hutsa bihurtzen ari dela esan baitzuen, batez ere gazteen artean, eta horrek erakusten duela euskal subjektu baten urtzea eta desagertzea: “Ez badago subjekturik, ez dago talde sozialik eta ez dago hizkuntzaren praktikarik”. Vascoa-ren baitan bi talde guztiz diferente daudela nabarmendu zuen horren harira. Batetik, dago vasco erresistentea, zubi-lana egiten duena, “bizialdi batean berriro ere euskalduntasunerako bidea egingo duena”. Eta bestetik, dago vasco asimilatua, “bere horretan eroso dagoena eta ez daukana euskaraz bizitzera aldatzeko inolako asmorik, ez beretzat eta ezta bere ondorengoentzat ere”. Eta vasco-en artean bezala, erdaldunen artean ere bi talde bereizten ditu Iztuetak, euskaraz badakitenak eta ez dakitenak, eta uste du lehenengoekin lan handia dagoela egiteko, euskal nortasuna sustatzen. Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar-en berbak bere eginda esan zuen, ezinbestekoa dela hizkuntza historia batekin, giza-talde batekin, lotzea. “Euskaraz ez dakitenen artean identitate vasco erresistente bat lantzen jarraitzea tokatzen da. Ez da nahikoa, baina bai ezinbestekoa”.
Euskaraz hitz egiteko bi arrazoi ikusten ditu Iztuetak: euskalduna izatea eta beste euskaldunekiko errespetuzko tratua izatea. Baina aukeren abanikoa zabalagoa dela uste du Karimek. “Ez nago ados horrekin. Gizarte honetan bizi naizelako ikasi dut euskara; ama naizelako eta behar dudalako eskolako gaiekin laguntzeko seme-alabei, gizartean ere parte hartu nahi dudalako… Tresna inportantea da euskara hemen bizitzeko”. Tolosan bizitzea eta Gasteizen bizitzea ezberdina dela azpimarratuta, aurrez esandako bi aukerak barnebiltzeko arrazoiak iruditu zitzaizkion Iztuetari Karimenak.
“Azeriarra naizelako ez naiz euskalduna, baina euskal herritarra naiz eta gizarteak ez nau horrela pertzibitzen”
Euskaldun izateari bestelako konnotazioak ere ikusten dizkio Karimek, hala ere, eta haiez gabetu gabe, hizkuntzak nekez biziraungo duela uste du. “Euskaldunari eusko-labela kendu behar zaio, bestela gizarteko parte handi bat kanpoan geldituko da eta ez dute euskara berena sentituko”. Bere sorterriko errealitatearekin alderatuta, aitortu zuen Euskal Herrian bigarren hizkuntza ofizial bat izateak zailtzen duela euskarara gerturatzea, baina hain justu horregatik euskara ikastea “errazago” jarri behar dela nabarmendu zuen. “Doakotasunaren alde egin behar da”. Eta bigarren kontu baten beharra ere sumatzen du, aurrekoari lotuta. “Azeriarra naizelako ez naiz euskalduna sentitzen, baina euskal herritarra naiz , gainerakoen betebehar eta eskubideekin, eta gizarteak ez nau horrela pertzibitzen. Gidabaimena atera berritan ematen duten ‘L’-a bizitza osoan erabiliko dut. Beti izango naiz kanpokoa”. Garbi du “euskara bada Euskal Herriko hizkuntza”, D eredua indartu behar dela, baina ikusten du hutsunerik Hezkuntzan. “Ezin diogu kanpotik datorrenari esan ‘utzi zure kultura etxean’, eta gure seme-alabekin hori egiten da eskolan. Gure seme-alabek gizarte honi egiten dioten ekarpena ez da aintzat hartzen; ez da gure jaiez hitz egiten, adibidez, eta horregatik gure seme-alabek inposiziotzat ulertu dute askotan euskara, adibidez patioan erdaraz egiten utzi ez dietenean”.
Euskara normalizatzeko adibideak
Hizkuntza hegemoniko bat dagoen lekuan hizkuntza minorizatu bat normalizatu nahia ez da erraza. Arazo handiena garbi du Iztuetak zein den: “Erdaldun elebakarrak asko izatea. Dena baldintzatzen du horrek. Erdaldun elebakartasunik ez balego, beste joko zelai bat izango genuke”. Baikorrago jardun zen Eneko Gorri, herritarren %50ek frantses jatorria duten eremu geografikotik etorrita ere (Angelu, Lapurdi). “Dena dago egiteko eta hori magikoa da euskalgintzan militatu nahi duenarentzat”. Ipar Euskal Herrian, 3.000 metro koadroko lur eremuan, 300.000 biztanle bizi dira eta urtero 3.000 lagun berri iristen dira bizitzera. Biztanleriaren %49 ez da Euskal Herrian sortua eta kanpotik iristen direnen %94 estatu frantsesetik iristen dira, “gu baino diru gehiagorekin”. Bestera pentsa badaiteke ere, Gorrik zehaztu zuen urtero iristen diren horiek ez direla erretiroa hartutakoak, baizik eta familia osatu duten gurasoak, eskolan sail elebakarrean ibili diren 8-10 bat urteko haurrak dituztenak. Eta hor zuzendu beharreko lehenengo kontua. “Ipar Euskal Herrian ez da esistitzen haurrentzako hizkuntza eskolarik. 3 urtetan ez bazara euskaraz eskolatua izan, 18 urtera arte ezin duzu euskaraz ikasi, eta eskolan ez da esistitzen zubi-lana egingo duen sistemarik”. Heldu diren haurrentzat “euskalduntze kanal berriak” sortu beharra ikusten du, eta horrekin batera, baita euskalduntze masiborako kanalak ere. “Euskara ikasten duten %95ek AEKn ikasten dute, baina 1.200 jende dira urtero. Doakotasuna eta unibertsalizazioa behar dira”, dio. Hala ere, nabarmendu zuen indar guztiak ez direla bideratu behar kanpotik iristen direnak euskarara erakartzera, eta “euskalduntze bideak zabaldu eta demokratizatu ondoren”, euskal hiztun komunitatea indartzeko mekanismoak jarri behar direla martxan. “Askotan, inertziaz edo gure lotsaz, gauza trakets batzuk egiten ditugu. Uste dugu euskararen alde egiteko, erakutsi behar dugula euskara modernoa dela, eta beraz, euskaraz egin behar dugula surfa, graffitiak… Eta Miarritzen, diziplina aktualenak egin ditzakegu euskaraz gaur, baina gero, baditugu hiru pilota eskola eta bakar batean ez da egiten euskaraz, eta baditugu hiru dantza talde eta bakar batean ezin da ikasi euskal dantza”.
“Euskalduntze bideak zabaldu ondoren, euskal komunitatea trinkotzeko bideak zabaldu behar dira”
https://www.youtube.com/watch?v=HAtB9RCtV2c