Elkarrekin ekin diote elgoibartarrek euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko prozesuari

2020-10-14    iruzkin


Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko lehen ahalegin kolektiboa izan dira aurtengo ‘Euskara ala ezkara’ jardunaldiak. Berezia izan da aurtengoa. Batetik, COVID-19aren pandemiaren eraginez neurri zorrotzak hartuta egin behar izan direlako jardunaldiok, eta bestetik, elgoibartarrek aurrekoetan baino kopuru handiagoan parte hartu dutelako aurten. Izan ere, aurten, herrikoak zeuden deituta. Elgoibarren euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten adin eta pentsaera askotariko 52 lagun batu ziren IMHn. Talde txikitan jardun ziren lanean goiz eta arratsalde: goizean, herriko euskalgintzaren eta kulturgintzaren egoeraren diagnosia bateratzen eta adosten, eta arratsaldean, kulturarentzat Elgoibarren nahiko luketen markoa irudikatzen. Lehen pausoa eman zuten, eta ibilian jarraitzeko konpromisoa hartu ere bai.

Zer egingo dugu euskarak eta kulturak aurrerapen nabarmenak egin ditzaten Elgoibarren hurrengo urteetan?. Ez da galdera erraza, ez da egiteko samurra, baina ahaleginak merezi duelakoan abiatu ziren Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala lan-prozesu honetan duela bi urte, hein batean Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak (Larrabetzu, 1974) proposatuta. Harreman estua izan du azkeneko urteotan Barandiaranek Elgoibarrekin. Elgoibarko euskararen ondarea biltzen duen Elgoibarreraz.eus atari digitalaren sortzailea da, bai eta atari honena ere. Eta berak eman zion aurtengo zikloari hasiera, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Udaleko Euskara zinegotziaren eta Iñaki Konde Elgoibarko Izarrako presidentearen atarikoen ondoren (Kondek hitza hartu zuen garaian argia joan zen Elgoibarren, eta horregatik audioa baino ez dugu igo hona).


Lehen bultzada izan zen Barandiaran lan-prozesu honetan, eta berak proposatuta etorri da Elgoibarrera 30 bat urtean Susako editore izan den Gorka Arrese (Zarautz, 1965), lehenengo gida dokumentua idaztera: kuaderno zuria. Elgoibarko euskalgintzaren eta kulturgintzaren sistema osatzen duten eragileak elkarrizketatu ditu Arresek eta kuaderno zurian bildu ditu erantzun guztiak: 1.900. Liburu Zuria izango denaren abiapuntua da kuaderno zuria, eta hasieran formulatutako galderari erantzun ahal izateko erreminta izango da Liburu Zuria. Hiru gauzatarako izan nahi du lagungarri: egindakoak analizatzeko eta deskribatzeko; ahalmenez eta ahultasunez kontzientzia hartzeko, eta egoki antolatzeko eta asmoak proiektatzeko.
Lan prozesu honen nondik norakoak aletu zituzten Arresek eta Barandiaranek IMHn eta azpeitiarrak ere gonbidatu zituzten, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta haren egiteko moduaren berri ematera. “Emaitza ona ematen ari den eredua da Azpeitikoa; eurei funtzionatzen diena eta gehiago zabaltzea merezi duena”, esan zuen Barandiaranek.

Egunak eman zuenaren laburpen bideoa hemen: