Elgoibarko kirolaren erretratua

2022-09-29    iruzkin


Elgoibarren kirolaren praktika oso zabalduta dagoen zerbait da, eta lagun ugarik eusten diote zutabe horri. Hain justu ere, eragile guzti horiek egiten duten lanaren balioa nabarmendu zuen Elgoibarko Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mujikak bere hitzartzean (BIDEOA DAUKA BEHERAGOAN). Baita urteetan Udalak kirolarekiko “erakutsitako sentsibilitatea” ere. Hamazazpi milioi euroren bueltakoa da Udalaren aurrekontua. Hiru sailetan banatzen da: Lurraldea (6.892.296 euro), Antolakuntza (4.539.980) eta Herritartasuna (6.269.521) eta azken horren barruan dago kirolerako partida (1.405.000 euro), Ongizaterako poltsaren ostean, handiena (1.747.000 euro).

Ariketa fisikoa, jarduera fisikoa eta kirola kontzeptuak definituz hasi zuen Elgoibarko Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mujikak bere tartea ‘Euskara ala ezkara kirolean?’ jardunaldian. “Energia kontsumoa duen edozein mugimendu egiteari esaten diogu ariketa fisikoa egitea; helburu bat duen ariketa fisikoa da jarduera fisikoa, eta instituzionalizaturik eta lehia moduan kodifikatutako egoera motorren multzoa, kirola”. Elgoibarko datuak emateko ezinbesteko iritzi zion hori argitzeari, “kirolaz ari garenean zeri buruz ari garen jakitzeko”. Eta datuak, dozenaka datu, aletu zituen gero, kirolari buruz Kirolaren Europako III. Kartak ematen duen definizioan barnebiltzen diren emozioak alde batera lagata. Hiru esparru bereiztu zituen Mujikak: eskola kirola, kirol federatua eta aisialdiko kirola, eta hala eman zituen datuak ere.

ESKOLA KIROLA
Eskola kirolean, iazko ikasturtean, 354 umek eman zuten izena Elgoibarren, LH1etik LH6ra matrikulatutakoen %47k (%70,1 mutilak eta %29,9 neskak). Beste modu batera esanda, adin tarte horretan bitik batek parte hartzen du eskola kirolean. Pandemiak etena ekarri zuen eskola kirolean 2020-21 ikasturtean, baina azkeneko datuekin alderatuta [2018-2019], iaz, mutilen parte-hartzea hamar bat puntuan handitu zen, eta neskena, proportzio berean jaitsi. Datu horrek lehiakortasuna ulertzeko moduarekin lotura izan zezakeen ustea bazuten ikastetxeetan eta kirol ereduaren inguruko gogoeta egiteko baliatu zuten pandemiako etenaldia. Kirolaren bidez haurrak balio hezitzaileetan hezi nahi dituzte eta jakin nahi dute lehiak zer leku behar duen. Kirol Management enpresaren gidaritzapean egingo dute aurten eskola kirolaren diagnosia eragile diren guztiek elkarlanean, datorren ikasturtean jarri nahi dutelako indarrean programa berria.

LH1etik LH6ra arteko 354 umek eman zuten izena iaz eskola kirolean, adin tarte horretan matrikulatutakoen %47k: %70,1 mutilak, eta %29,9, neskak

 

KIROL FEDERATUA

Euskal Herriko Kirolaren Behatokiak dio 10.000-15.000 biztanleko herrietan batez beste hamalau kirol elkarte izaten direla. Elgoibarren, baina, 22 daude gaur [C.D. Elgoibar da zaharrena]. 90eko hamarkadan sortutakoak dira horietako hamar bat, eta horrek badu bere arrazoia, Mujikaren esanetan. “1988an Olaizaga kiroldegia sortu zuten; 1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoak jokatu ziren eta horrek eragina izan zuen batez ere teknikarien profesionalizazioan, eta 1993an, Mintxetako kirolgunea eraiki zuten. Kirol elkarteen loraldian eragina izan zuten horiek”. Datuetara itzulita, 2021-22 ikasturtean, 1.457 lagun zeuden federatuta (horietatik %33 emakumezkoak eta %67 gizonezkoak). Beste modu batera esanda, Elgoibarren kirolarien %12,6 federatuta daude, Euskadiko batez bestekoaren halako bi, eta sexuari erreparatuta, federatuen %8,4 gizonezkoak dira, eta %4,2, emakumezkoak. Herriko kluben aurrekontua, berriz, 331.396 eurokoa da guztira, eta federatu bakoitzeko gastua -federatu bakoitzak suposatzen duena- 227,45 eurokoa. “Datu horiek argi erakusten dute kirol elkarteek zenbat jende eta zenbat diru mugitzen duten, eta balio dute merezi duen balioa emateko elkarteetan egiten duten lanari”, esan zuen horren harira Mujikak. “Elgoibarko Kirol Patronatuak 1.500.000 euroko aurrekontua du eta heren bat mugitzen dute kirol elkarteek”.

Elgoibarren kirolarien %12,6 federatuta daude – 1.457-, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko batez bestekoaren halako bi: %8,4 gizonezkoak eta %4,2 andrazkoak

 

AISIALDIKO KIROLA

Elgoibarko Kirol Patronatuak antolatzen dituen ikastaroetan izena emandakoak edota Udalaren lokaletan kirola egiten dutenak hartu zituen aintzat aisialdiko kirola egiten dutenak aipatzean. Patronatuak 4.216 abonatu zituen iazko ikasturtean, herritarren %36 (%52 gizonak eta %48 emakumeak), eta kopuru hori ere Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko batez bestekoa baino bost puntu handiagoa da. Era berean, hilero 1.160 lagun ari dira patronatuak antolatutako ikastaroetan (Elgoibartarren %10).
Kirolean egiten den lanari balioa ematea zein garrantzitsua den azpimarratu zuen Mujikak, besteak beste “kirolak balio duelako bat egiteko, gizartea kohesionatzeko”. Horregatik beharrezkoa iritzi zion eskola kirolean egingo duten moduan kirol federatuan ere gogoeta egiteari, gizartean ematen ari diren aldaketetara egokitzeko. “Klub askotan, zailtasunak dituzte erreleboak bilatzeko. Komeniko litzateke zerbait egitea baliabide batzuk sortzeko jendea animatu dadin elkarteetan parte hartzera”. Era berean, eta eskola kirolean hasitako prozesuaz esan zuen oso inportantea irizten diola lehiakortasunaren kontu hori nola landu profesionalen esku uzteari, uste baitu eredu aldaketa ezin dela izan oso-osoan kiroletik ariketa fisikora pasatzea. “Kirolak ere bere lekua izan behar du eskola kirolean eta kirol-elkarteekin batera joan behar da”. Batera. Elkarrekin. Kirol elkarteek, ikastetxek, guraso elkarteek, Udalak eta gainerako eragileek elkarrekin lan egiten jarraitzea derrigorra dela uste du Mujikak.