Baliabide teknologikoak, eskolan

2019-10-29    iruzkin


Baliabide teknologikoak euskararen eta kulturaren heziketa arautuan nola erabil daitezkeen aztertu zuen Imanol Epelde irakasle eta 27zapata blogariak Euskara ala ezkara zikloan. Baliabide teknologikoak nola erabili behar diren jakiteko, Epeldek ezinbestekoa iritzi zion hezkuntzan zer egin behar dugun eta zer nahi dugun jakiteari, eta horretarako, aurten eskolatu den 3 urteko ume batek 2039. urte aldera eskola uzten duenerako zer gaitasun izan beharko lituzkeen pentsatzen jarri zuen publikoa. “Ez dakigu zer aurkituko duen 2039an, baina gauza batzuk aurreikus genitzake. Badakigu, esaterako, transmititzen dizkiogun edukien erdiak zaharkituta geldituko direla. Badakigu oraingoa baino ahozkoagoa izango dela komunikazioa eta badakigu izan beharko duela sortzaile, jakin beharko duela taldean lan egiten, informazioa topatzen, kritikatzen eta sistematizatzen, eta, batez ere, izan beharko duela autonomo. Eta teknologiak lagundu dezake hori dena lortzen”.

Hezkuntzak, baina, beste bide bat darama, Epelderen ustez, hein handi batean plazerik eskaintzen ez duelako: “Eskolak hil egin du gizakiok berezkoa dugun ikasteko pasioa”. Ikasten ikastea bizitza osorako zerbait izan behar bada, baina derrigorra ikusten du eskolan pedagogia “sentsualagoa eta umoretsuagoa” lantzea, era horretan harremanak hobetu, ikasketak erraztu eta adierazpen emozionala hobetzen delako. “Harridura eraman beharko genuke eskolara, miraz jarri ikasleak, ustekaberako prestatu eta estrategia artistikoak baliatu horretarako”. Eskolan, ikasleak emozionatuko dituen irakasleak behar direla nabarmendu zuen horren harira, bizipen atseginak eskainiz ikasleen euskararekiko sentimendua indartuko dutenak. Hein berean, eta eskolaren egiteko nagusia ikasle autonomoak sortzea dela ulertuta, ikasleei edukiak sortzeko eta ebaluazio-sistema zehazteko eskumen handiagoa eman beharko litzaiekeela esan zuen. “Sor ditzagun I+I+I ikasleak: ikasle ipurterre, inkonformista eta ikonoklastak. Ziur naiz horrelako 27 ikasle euskaldun sortuta aurrerapauso handia emango genukeela Euskal Herria euskalduntzeko prozesuan”. Nahitaezkoa iruditzen zaio ebaluazio-sistema aldatu beharra, gaur eskolak gehien baloratzen duena memorizatzea delako, eta garrantzitsua irizten dio irakaslearen figura definitzeari ere. “Ikasleak izan beharko luke animatzaile, laguntzaile, flipatu bat…”.

Antzeko premiak ikusten dizkio euskarari ere. “Euskalduntzea ulertu dugu euskara jakitearekin, baina kultur zaletu egin behar ditugu ikasleak, eta hezkuntzan, gaur, ez dago kulturan trebatzeko irakasgairik”. Gazteei bideogintza, sare sozialak, irratia… gustatzen zaizkiela azpimarratu zuen, eta haien gustuak eskolako proiektuetara eraman behar direla. “Narrazioa lantzeko, bi orriko ipuinak idazteko eskatzen diegu, baina zergatik ez diegu bloga sortzeko eskatzen? Pentsa zer litzatekeen gure komunitatearentzat ikasketak bukatu ostean ikasle horien %5ek jarraituko balute blogarekin, edo zer litzatekeen eskolan Lehen Hitza Euskaraz app-a jarriko bagenu denok”. Hezkuntza-eredua teknologiarekin birpentsatzera animatu zituen eragileak, teknologia irakaskuntza prozesuaren erdira ekartzera. “Teknologiak bihurtu behar dira ikaskuntza autonomorako eta ezagutza parte-hartzailerako eta sozialerako teknologiak. Helburua litzateke Euskal Herri mailako ikasketa komunitate bat sortzea, ikasleek sortzen dutena beste ikasleekin parteka dezaten eta parte-hartzaileen arteko interakzioa bultzatzea, hezkuntza baliabide irekiak sortu eta berrerabiltzeko. Teknologiarekin aukera daukagu euskaldunok gure artean hizketan eta lanean jartzeko. Muga bakarra gure sormen gaitasuna da”.