Azpeitiko Kultur Mahaia: egiteko modu baten ikurra
2020-10-14 iruzkin
Azpeitiko Kultur Mahaia emaitza onak ematen ari da, eta ereduak zabaltzea merezi duelakoan, zer den eta haren egiteko modua zein den azaltzera ekarri zituzten antolatzaileek Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua eta Aitor Bengoetxea Kulturaz Kultur Kooperatibako proiektu arduraduna Elgoibarrera. Baina gonbidatuek argi laga zuten eredu bat baino ez dela: “Ez dugu esango perfektua edo egokia denik, baina guri funtzionatu digu”, esan zuen Albizuk.
2006an sortu zuten Kultur Mahaia eta geroztik ezer ez da berdin Azpeitian. Aurrez, bazuten Uztarria Kultur Koordinakundea, herrian udal euskara teknikaririk, Udal Euskara Patronaturik, euskara elkarterik, euskararen normalizazio plan estrategikorik eta kultur etxerik ez zegoen garaian sortua, 1998an. Euskara, informazio-komunikazioa eta kultura zituen ardatz Uztarria Koordinakundeak, baina “bide handiena” euskara eta komunikazioan egin zuen. Baina 2008ko martxoan laga zion Uztarriak kultur koordinakunde izateari, “helburuak beteta” [Uztarria Komunikazio Taldea da geroztik]. Izan ere, ordurako sortua zuten Azpeitian Kultur Mahaia. 2006an sortu zuten, eta mugarri bat izan zen Azpeitian euskararen eta kulturaren praktikan. Herriko 22 kultur elkartek, hainbat norbanakok, Udaleko ordezkariek eta teknikoek osatzen dute gaur Kultur Mahaia, 380 bazkidek. Labur esanda, herriaren kultur norabidea markatzeko foroa da. “Kultur ekosistema zaintzea, aztertzea eta lan-ildoak zehaztea” da Kultur Mahaiaren egitekoa, eta parte-hartzean eta elkarlanean oinarritzen da haren egiteko modua, Aitor Bengoetxeak nabarmendu zuenez.
Bat ez da besteak baino gehiago
“Egiteko modua irauli zuen Kultur Mahaiak Azpeitian. Administrazioa eta herria dikotomia hautsi genuen”. Udalaren ikuspegitik, Kultur Mahaia “bidelagun onena” dela esan zuen Albizuk. “Udaletik garbi daukagu herritarrek, herriko eragileek, ezagutzen dutela ondoen herria;?beraiek ezagutzen dutela ondoen zein behar dituen herriko kultur ekosistemak eta haien ondoan bidea egitea dela gure lana. Espazioak eta baliabideak eskaintzea. Udala eragile bat gehiago da Kultur Mahaian”. Hala, Azpeitian azkeneko urteotan egin diren dinamika ia guztiak Kultur Mahaiak proposatuta egin direla zehaztu zuen, edo bestela haren ekarpenekin ondu dituztela. Baina hori dena posible izan da Azpeitian, ezaugarri jakin batzuetako herrian. Herri euskalduna da Azpeitia, euskararen arnasgunea. Herritarren %83 euskaldunak dira (15.000 biztanle dira), eta euskararen erabilera %81ekoa da gaur. “Euskaraz bizitzea arau sozial moduko bat da Azpeitian eta kultura euskaraz ulertzen dugu”. Kultura ulertzeko modu hori dute. Markoa hori da: euskara eta kultura elkarrekin doaz. Izan zuten han ere garai bat, baina, ezaugarri horiek izan arren “ezer” ez zutena. “Aretorik ere ez geneukan. Oholtzarik ez. Hori izan zen Kultur Mahaiaren lehen kezka eta erronka, kulturarentzako espazioak lortzea. 2011n, Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkartea sortu eta Sanagustin kulturgunea kudeatzeari ekin zion. “Jauzi kualitatibo nabarmena eman zen orduan”. 2014an, berriz, Soreasu Antzokiaren kudeaketa hartu zuen bere gain kooperatibak, eta ate berriak zabaldu zizkien hala herriko kultur eragileei. Kultura azpiegitura bat baino gehiago kultura bera osotasunean lantzen zuen eragile bat izanik, 2016an Sanagustin Kulturgunea Kooperatibak izen eta itxura berri bat hartu zuen, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba da geroztik. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, izaera sozialduna, eta hiru lan-lerro dauzka: “Euskal kulturaren sustapena, kudeaketa eta eredu propioa eta herriarekin eta herriarentzat lan egitea”.
2017an jarri zuten hurrengo mugarria, Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiak eskatuta, Soreasu erakinaren zati batean sormen gunea espazioa egokitzeari ekin zionean. Dinamoa deitu zioten. “Sormenaz aritzeko gune bat da Dinamoa. Mugimendua indar eta indarra argi bihurtzeko tresna”. Eta gaur, udal eraikinak diren hiru espazio horiek [Sanagustin kulturgunea, Soreasu Antzokia eta Dinamoa sormen gunea] herriko eragileek eta herritarrek kudeatzen dituzte, Kultur Mahaiaren eta Kulturaz kooperatibaren bitartez. Orain, agertokiak, oholtzak eta bilguneak badituzte Azpeitian eta sormena sustatzeko ahaleginean, sortzaileentzako bekak ere sortu ditu Udalak. “Jabetu ginen sortzaileek bazituztela oholtzak eta guneak euren azkeneko lana aurkezteko, baina sormen lanerako behar zutela laguntza. Sormenari eman nahi genion balioa eta horregatik sormen-bekak indartzeko konpromisoa hartu du Udalak”, zehaztu zuen Albizuk.