Kirol klubak, euskararen arnasguneak

2022-09-29    iruzkin


Hizkuntza sustatzeko ahaleginean, kirolean ez dela behar beste arreta jarri uste du Jone Miren Hernandezek, askotan bikote ezinezkotzat agertu izan delako. EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea da Hernandez, eta haren ustez, kirolak arreta “berezia eta berezitua” merezi ditu, gaur egungo gizartean ez ezik, gazteen bizitzan eta bizimoduan ere aparteko tokia duelako.

Bi ikerketa-proiekturen ondorio nagusiak aletu zituen Jone Miren Hernandezek, kirola euskaraz egiteak zer garrantzia duen azaltzeko. Batetik, D ereduko kirola ikerketa-proiektua. Proiektu horretan 10 eta 16 urte arteko haur eta gazteek aisialdiaren esparruan, zehazki kirolean, euren bizitza euskaraz egiteko zer nolako aukerak dituzten aztertu zuten hainbat eragilek elkarlanean. Kirol federatuaren esparruan jarri zuten fokua, eta “euskaraz aritzeari garrantzia ematen dioten” bost klub behatu zituzten. Ikerketak berretsi zuen kirol federatuaren esparruan haur eta gazteek euskara gehiago erabiltzeko bideak zabaldu nahi badira, komeni dela eskolak egindako lanari jarraipena ematea, baina, beti ere, eskolan erabiltzen diren hainbat irizpide kirol esparruaren ezaugarrietara egokituta. Izan ere, kirola eta eskola “bi unibertso diferente” dira. “Badute lotura eta elkarreragina bien artean, baina eskolan funtzionatu duenak ez du zertan beste barik kirolean funtzionatu, antolaketari, egiturari eta zereginari erreparatuta bi mundu direlako, eta zer esanik ez, gazteen ikuspuntutik begiratuta. Asko karikarizatuta esango dugu eskola kartzela dela, eta kirola, aldiz, gozamena”.

“Euskararen erabilerarako lagungarriak gerta daitezkeen baldintzak topatu ditzakete gazteek klubetan: gustuko jarduna, giro gertukoa, elkarlana, adiskidetasuna, ikasteko toki bat…”

Eta horri lotuta, bigarren ondorio nagusi bat ere atera zuten ikerketatik: kirolak izugarrizko potentzialitatea duela euskara sustatzeko orduan; kirolean ia dena dela posible. “Johan Huizinga antropologoak zioen jolasaren bitartez errutina eta egunerokotasunetik aldentzen garela, eta beste mundu batean murgildu, zeinetan dena den posible. Argi izan behar dugu: kirola ez da eskola, ez da familia, ez da kuadrilla… kirola, kirola da”. Horregatik uste du kirolaren berezko esparrua ikertu behar dela, hizkuntz eremura jauzi egiteko: “Normalean, euskara teknikaria joan ohi da kluben bizitza antolatzera, baina kontrako ariketa egin behar dugu: kluben egunerokoa ezagutu eta onartu kirola esparru berezko bat dela”.
Kirol klubak euskarentzako gune babestu bilakatzeko beharra ikusten du Hernandezek, gazteen eskolaz kanpoko aisialdian euskarak presentzia handiagoa har dezan, eta gune babestu hori sortzeko, funtsezko ikusten du kirolak “oso bereak dituen ezaugarriak” kontuan hartzea esku-hartzeak diseinatzean. Horretarako, behar-beharrezko ikusten du kirol eremuan parte hartzen duten protagonistekin edukia kontrastatzea.

KIROL KLUBAK, EUSKARAREN BABESGUNE
2016an hasi eta 2018an amaitu zuten ikerketa proiektu hari Euskara kirolkide egitasmoarekin eman zioten jarraipena, 2020an. Helburu nagusi bat zuen proiektuak: kirol kluba euskararen babesgune gisa definitzea, jakin bazekitelako euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza ezagutzeaz gain, testuinguruarekin lotutako bigarren mailako baldintzak ere eman behar zirela. Eta ekin zioten euskararentzako kirol aisialdi babestua zertan datzan zehazteari, beti ere kirol kluben ikuspegitik. Sei klubetan egin zuten landa-lana, hizkuntz ideologian, praktikan eta bizipenetan jarrita arreta: Bera Bera RT, Gaztedi Rugby Taldea, Gernika Rugby Taldea, Judizmendi Igeriketa Kluba, S.D. Amorebieta eta UDA Aretxabaleta. Batez ere zuzendaritza-taldekideak eta langile zein boluntarioak elkarrizketatu zituzten, baina entrenamenduetan, partidetan… ere izan ziren, eta ikusi zuten euskararen erabilerarako lagungarriak gerta daitezkeen baldintzak topatu ditzaketela gazteek klubetan: gustuko jarduna, giro gertukoa, elkarlana, lankidetza, adiskidetasuna, errespetua, ikasteko toki bat… Era berean, hizkuntzak ere taldea egiten lagundu dezakeela berretsi zuten, taldea indartzeko eragilea izan daitekeela.

Ikerketatik ondorioztatu zuten kirol-eremuan euskarak potentzialitate handia duela, arrazoi ezberdinengatik: kluben errealitatean presentzia handia duelako; kluben historian, bai eta orainan ere, lekua duelako; kezka eta interesa pizten dituelako; kluben hobekuntza-prozesuetan euskara txertatzeko ahaleginak egiten ari direlako, eta nerabe eta gazte euskaldunekin lanean ari direlako jada. Baina ahulguneak ere identifikatu zituzten; nagusiena: euskararen alde egiteko borondatea egon arren, zailtasunak dituztela praktikan. Batetik, euskararen inguruan ezarritako arauak gutxi dira; ezagutza-hutsuneak daude langileen eta entrenatzaileen artean, ohiturarik ez erabiltzeko, askotan borondatearen (edota pertsona jakinen jarreraren) baitan geratzen delako euskaraz egitea…
Nolanahi ere, Hernandezek dio “harrituta” gelditu zirela klubetan egiten duten lanarekin, dagoen inplikazioarekin eta etorkizunari lotuta duten kezkarekin. “Klub bakoitzak egiten du eta egingo du ahal duena, duenarekin; lagundu egin behar diegu”. Proposamena ere egin zien: “Egin erraz, egin praktiko, egin sinple. Zerrendatu praktika guztiak eta ikusi zein praktiketan egin dezakegun gehiago euskararen alde. Sortu heldulekuak euskararentzat: giroa, karteldegia…” Egin dezagun hori klubean izena ematen dutenak sartu bezain laster jabe daitezen non dauden. Bilatu adostasuna eta zehaztu helburuak, eta transmititu kirolariei egiten ari direnak ez duela zerikusirik eskolarekin; ez diegula notarik jarriko; transmititu taldean ikasteko daudela, bakoitzak dakienarekin. Azken batean, euskararekin izan dezaketen harremana berdifinitzeko aukera badagoela ikusarazi.