Naturaltasuna auzitan
2021-10-29 iruzkin
Beren adierazpidea eta izatea hitzarekin oso lotua duten hiru emakume batu zituen Idurre Eskisabel kazetari, idazle eta antropologoak Euskalduntasun onak eta txarrak: naturaltasuna auzitan mahai-ingururako: Uxue Iturrate Ningra abeslaria, Garazi Arrula itzultzaile, idazle eta editorea, eta Nerea Ibarzabal idazle, bertsolari eta kazetaria. Euskalgintzaren diskurtsoan ertzetakoak dira bi, Iturrate eta Arrula, Bitorianokoa bata (Araba) eta Tafallakoa bestea (Nafarroa); euskara eskolan jaso eta euskararen mundura gazte mugimenduetan militatzetik hurbildu dena da lehenengoa; eta euskara etxean jaso duena bigarrena. Ibarzabal, berriz, markinarra da, eremu gorrikoa, herritarren %80 euskaldunak diren herrikoa; erdigunekoa beraz. Diskurtso nagusiaren arabera hori, praktikan lausoagoak direlako ertzak, bai eta erdigunea(k) ere.
Autobiografia linguistikoa egiteaz batera argi laga zuten hori Arrulak eta Ibarzabalek. Arrulak esan zuen Tafallatik Iruñera ikastera joan zenean sentitu zela bera ertzeko; beren burua erdigunegokotzat zutenekin harremanetan bihurtu zela bera periferiko, eta handitu zela sentsazio hori gero Donostiara ikastera joan zenean. Ibarzabal, berriz, etxetik da euskalduna, baina argi du premisa ez dela asko aldatzen Markinatik Gasteizera eta hizkuntza ez hegemoniko baten biziraupena ezin dela ahalbidetu hiztun kontzientziarik ez duten hiztunekin. Familian topatu ditu arrazoiak. Ibarzabalen gurasoek arnasguneetako belaunaldi bi errepresentatzen dituzte. Ama aiastiarra da (Elgoibar), baserrikoa, etxetik euskalduna, baina herri industrializatuago batera joan zirenean bizitzera, Zumarragara, gaztelera agertu zen euren bizitzan eta gaur, %90 erdaraz egiten dute neba-arrebek euren artean. Aita ere baserrikoa du, baina haren aldekoak Markinan gelditu ziren, landa eremuan, salbu bi anaia Ameriketara joan zitzaizkiela. “Osabetako batek ez dio transmititu euskararik semeari eta lehengusu horrekin ingelesez hitz egiten dut”. Horregatik, euskaldun kontzientzia hartzea ezinbestekoa ikusten du Ibarzabalek hizkuntzaren bizirauterako, baina intuizioak diotso arnasguneetan zailagoa dela kontzientzia horretara iristea. “Erabileraren mantrak lasaitzen gaitu, baina inguru sozial egoki edo onerako hori aldatu daiteke”. Beraz, beste bi solaskideekiko “pribilegioduna” sentitzen dela esan zuen, eremu sozial erosoago batean garatu ahal izan duelako bere hiztun izaera eta bere izaera bera, baina jakinda, beti ere, hizkuntza hegemoniko bateko pribilegioduna izatea “itsuen erreinuan begibakarra izatea dela”. Hiztun kontzientzia horretara bertsolari izanda iritsi dela aitortu zuen berak, eta esan zuen ez balitz bertsolaritzan sartu gaur oso bestelako diskurtsoa izango zuela beharbada, nahiz eta Markinan egunero euskaraz egin.
Diskurtso hegemonikoan, baina, sarri arnasguneetako euskal hiztunak dira euskaldun jatorrak. “Gizon zuria, adinez nagusia, gipuzkoarra, sagardozalea…”, datorkio burura Iturrateri. “Hau bai euskaldun jatorra eta hau bai bertsolaria entzunda gizon bera datorkit burura”, gehitu zuen Ibarzabalek. Euskaldunaren imajinarioa aldatu beharra ikusten dute hirurek, euskara biziberrituko bada. Baina Arrulak sumatzen ditu erresistentziak oraindik. “Badago bertan goxo bat berezitasunean eta txikitasunean, eta horrek ez du eskatzen bestelako ardurarik hartzea eta urratsik egitea. Oso beharrezkoa da hori aldatzea”. Nolanahi ere, euskalduntasuna ona eta txarra terminoetan ebasteak, mina egiten diela aitortu zuten eta traba ere izan zaiela behin baino gehiagotan. “Molestagarria zitzaidan, batez ere umetan. Sekulako identitate krisia izan nuen. Hazi bazara kultura batean, baina ezaugarri fisiko ezberdinak badituzu, beti ari zara besteen onarpenaren bila. Umetan, euskalduntasun eredu hori jarraitu nuen eta hasi nintzen arropa jakin bat janzten, orrazkera jakin bat eramaten. Erreferente gehiago eta askotarikoak behar ditugu”, esan zuen Iturratek.
Estandarra vs euskalkia
Bereziki gazteen artean zabaldu den euskalkian egiteko joeraz galdetu zien Idurre Eskisabelek hiru mahaikideei, eta euskalkirik ez izateak, edo estandarrean marka hori ez eramateak, sentiarazi ote zituen noizbait Arrula eta Iturrate ez hain euskaldun. Biek sentitu dute. “Askotan”, Iturratek, eta amorrarazten du horrek. Eztabaida antzuari ihes egin zion Arrulak. “Ez genuke zubi batez sekula esango euskara batuaz esaten duguna: eraikia da, eta beraz, faltsua da. Zozokeria galanta da hori, eta gaindituta izan beharko genuke”. Eta erdigunekoari luzatu zion galdera gero: “Zuk sumatzen duzu zure inguruetako bat den horretan autentifikazio horren beharra edo zergatik bilatu ote dezaketen zure belaunaldikoek hori?”. Hiztun kontzientziarekin lotu zuen Ibarzabalek. Haren esanetan, hiztun kontzientzia falta hori bera manifestatzen da erregistro estandarra ez onartzean eta errespetatzean, bai eta norbere hizkuntza ez menperatzean ere. Kontzientzia falta hori euskalkidun herri askotan igarri-igarrikoa dela nabarmendu zuen. DBH 4 ikasten ari zen garaira egin zuen salto, irakasleak EGAko azterketako emaitzak eman zizkien egunera. Gainditu ez zutenen mina ekarri zuen akordura. “‘Baina, orduan zer dakit ba!’ bota zuen batek. Baserriko semea zen, ezer gainditzen ez zuena, baina euskara berea zuen eta sekulako mina eman zion ez gainditzeak”. Bere ustetan, gakoa hori nola kudeatzen den da. “EGAkoa ez da euskara esango dute askok, eta aitortuko dut euskalkidun asko egon garela uste horretan noizbait, eta batzuek, zoritxarrez, segitzen dutela. Konturatzen gara oker gaudela euskalkidun españolisten ahotan diskurtso bera entzuten dugunean”.
Euskaldun zaharren artean “frustrazio halako bat” sumatzen du Ibarzabalek, batez ere eurek erabili dituzten hainbat esamolde oso eremu murritzean erabili ditzateketela konturatzen direnean; “beren lur hori pixkana galtzen doala ikusten dutenean”. “Hiztun kontzientzia da gakoa”, uste du, eta hori lortzeko garrantzitsua irizten dio kultur zaletasuna edo kulturarako sarbide erraz bat izateari. Gaur, baina, ez du argi ikusten hori badagoenik. “Nik euskaraz hitz egiten oso gustura entzuten ditudan andra-gizon asko eta esamolde zoragarriak darabiltzatenak ez daude gaur hemen, euskararen inguruko eztabaidan, eta ez daude beste eztabaida batzuetan ere. Badago tradizioari lotutako bizimodu bat min egiten didana”.
Euskalkiaren aldeko jarrera bezain sendo dabil euskañolaren aldeko aldarrikapena, eta horri, hibridazioari, “frantsesentzat eta espainiarrentzat ere kezkagarria den hibridazio horri eta Chill Mafia bezalakoek horren sendo eusten diotenari”, gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek nola eusten zion galdetu zien Eskisabelek. Ertz asko atera zizkioten. Inguruan gaztelera entzuten zuenak euskara hutsean egitea “utopikoa” zela esan zuen Iturratek eta utzi beharko geniokela “euskarari hainbeste pisu” jartzeari. Bat etorri ziren Arrula eta Ibarzabal, “baina partez bakarrik”. Chill Mafiarenari diskurtso sendoa baino gehiago “kategorikoa” iritzi zion Arrulak. “Eurek ere esaten zuten besteok eman diegula boterea, egiaz haiek gaur esan dezaketelako A, eta bihar, B”. Beste adibide batekin ilustratu zuen bere diskurtsoa: Tuterako Nafarroa Oinezen EHEk zabaldu zuen pankarta bati egin zion aipamena. Erdara barra-barra, euskaldun kaskarra zioen, mezu desafortunatua oso Tuterarako, iruditzen baitzait diskurtso horrek ez diola erantzuten tokiko egoeraren azterketa bati, diskurtso esentzialista morala delako eta erantzuten diolako bakarrik norbanakoaren alderdiari. Beharrei eta tokiko egoerari begiratu behar zaiolako”. Arrazoia eman zion Ibarzabalek. Haren esanetan, leku askotan hibridazioa da euskara sortzeko modu bakarra, eta zentzu horretan “poza eta miresmena” sentitzen ditu hautu hori egiten dutenekiko, baina bestetik, kontziente da hibridazio horretan galtzeko guztiak euskarak dauzkala. Dialekto kanariarrean idatzita dagoen Panza de burro liburua bezalako bat euskaraz idatziko ote lukeen galderari erantzun zion Ibarzabalek, behinola Uxue Alberdik egindako galderari. “Ez dut uste egin behar dugunik, arauaren kontra atentatzen ibiliko ginatekeelako araua ez dagoenean behar beste onartuta eta oraindik pedantetzat dugunean erregistro batua. Ezin gaitezke egon hibridazio horren alde eta gero esan ez dugula ulertzen Miren Amurizaren Basa”.
Zikintzeko prest izan behar dugula nabarmendu zuten guztiek, eta izan behar dugula, era berean, “malguagoak” sortzaileekin eta hiztunekin. “Eta izan behar dugu gogorragoak politikekin”, gehitu zuen Ibarzabalek. Andu Lertxundiren Itzuliz usu begiak saiakerako adibide bati heldu zion: “‘Trenak orain burutuko du bere irteera’. Halakoei ez diegu beldurrik, baina gero eskandalizatzen gaitu Chill Mafiak”.