Euskal hiztun berrien legitimaziorako gakoak

2021-10-29    iruzkin


Gaur egun, Euskal Herriko gazte euskaldunen erdiak baino gehiagok etxetik kanpo ikasi du euskara. Hiztun berriak dira, eta haien kopurua gero eta handiagoa da, bai modu absolutuan zein erlatiboan. Gero eta jende gehiagok daki euskaraz beraz, baina erabilera ez da maila berean hazten ari; are, behera egin du Euskal Herriko eremu askotan. Eta arrazoiak askotarikoak direla argi du Miren Artetxe bertsolari eta ikerlariak, baina uste du hiztun berrien hizkuntza ibilbideek zenbait gako eman diezazkiguketela erabilera handitzeko, eta horregatik, ezinbestekoa ikusten du haiek aztertzea, ez bakarrik justizia sozialaren ikuspuntutik (hiztun berriak gero eta gehiago direlako), baizik eta baita euskararen eta bertsolaritzaren bideragarritasunaren ikuspuntutik ere. Eta horixe egin zuen zapatuan, Bertsolaritzatik hiztun berrietara; hiztun berrietatik hizkuntza ideologietara izenburuko hitzaldian.

Hasteko azpimarratu zuen azken urteotako ikerketa askotan esan dutena: euskara etxean ikasi ez izanak garrantzia izan dezakeela hiztunen hizkuntza portaeran, baina ez dela “autoprofezia autobete bat”. Ez da ‘ez dute etxean ikasi, ez da haien hizkuntza, eta beraz, ez dute erabiltzen’. Ez da hain sinplea, etxean ikasi ez duten askok egiten dutelako euskaraz, eta etxean ikasi duten askok ez dutelako erabiltzen. “Bizitza beste arrazoi daude horretarako”. Artetxek dio hiztun berrien hizkuntza erabilera lotua dagoela, nolabait, hiztun gisa nork bere burua legitimo sentitzearekin edo eta besteengandik hiztun legitimo gisa hartua izatearekin. “Ez baita gauza bera norberak sentitzen duena eta besteek norbera nola ikusten duten”. Garbi du berak: legitimo sentitzea gakoa da hiztun berriak aktibatzeko, hiztun legitimo sentitzen dena errazago ariko delako hizkuntza horretan. Baina, era berean, legitimazio prozesua ulertzea behar-beharrezkoa ikusten du euskara biziberritzeko.

Tesirako egin zuen ariketa (Hiztun berriak eta bertso-mundua. Legitimatu a(ha)la auzitan jarri?. EHU, 2018). Bost urteko ibilbidean, Ipar Euskal Herriko bertso-munduan zebiltzan gazteen hizkuntza ibilbideak, portaerak eta identitateak aztertu zituen. 15-20 urte bitarteko gazteak elkarrizketatu zituen, tartean bi hiztun berri, euskara etxean jaso ez zuten bi alegia. Eta kontatu zuen nola bi bertsolari horiek esaten zuten bertsolaritzan jarduteagatik hiztun gisa legitimatuta sentitzen zirela bertso mundutik kanpo, baina ez bertso-munduan, ez hiztun zaharren mundua den bertso-munduan. “Zu hiztun berria zara, baina bertsolaria’, esaten zieten bertso ingurutik kanpora”. Bertso-munduan sozializatzeak ematen zien autoritatea. “Bertsolariak badaki eta bertsotan ari ez denak ere bai eguneroko bizian hizkuntza erabiltzeak eskatzen duen hizkuntza ezagutzatik haratagokoa behar duela bertsotan ari denak. Eta horregatik, bertsolaria euskara ongi menperatzen duen hiztun gisa irakurria da”. Hori, kontu objektiboa da, baina ez da hori bakarrik, Artetxeren esanetan. Bertsolariari egotzi egiten zaio gaitasun hori, bai eta erabilera bera ere. “Bertsotan ari denari euskararen erabilera konsistentea, trinkoa eta koherentea egozten zaio. Gure iruditerian ez da kabitzen oholtzatik jaitsi eta kuadrillakoekin gazteleraz edo frantsesez aritzea bertsolaria, nahiz fisiologikoki posible den. Bertsolariari suposatzen zaio hori dena, eta baita euskara etxean ikasia duela ere”.

Artetxek elkarrizketatutako hiztun berriek, baina, aitortu zuten bertso-munduan “salbuespen” sentitzen direla, eta euren hiztun berri kategoriaz ere, bertso-munduan konturatu zirela. “Diskurtsoa da edonork ikas dezakeela euskara, edonork ikas dezakeela bertsotan, baina hiztun berri bat izan daiteke euskara etxean jaso duen bat bezain ona bertsotan? Izan daiteke berezko hiztun bat bezain ona? Aitortzen diogu legitimitate hori?”. Bertsolaritza nagusiki gizonek gizonentzako garatutako praktika soziala eta kulturala izan den bezala, euskaldun zaharrek euskaldun zaharrentzako garatua ere izan dela uste du Artetxek, eta neurri batean, oraindik ere hala dela, eta horregatik, euskara etxean ikasi ez izana eta bertsolariaren irudi kanoniko hori traba zaiela hiztun berriei bertsotan. Eta berdin gertatzen da bertso-mundutik kanpo ere: “Hizkuntza gutxituetako hiztun berriek benetako hiztunak ez izatearen sentipena izan ohi dute”.

Bertsolaritzatik hizkuntza ideologietara
Hizkuntza ideologia baten arabera eman edo ukatzen zaio hiztunari legitimitatea, eta ideologiak asko izan arren, bi nabarmendu zituen Artetxek: Benekotasunaren ideologia (benekotasun eta berezkotasun kontzeptuei lotutakoa) eta anonimotasunarena (neutrotasunarekin edo inorena ez izatearekin lotutakoa). “Hizkuntza gutxituetan, askotan, benetakosunaren ideologiatik ematen zaio legitimotasuna hiztun bati, baina hiztun horrek komunitate edo talde jakin bati lotua egon behar du. Hiztun horren euskara zenbat eta puruago izan, hobeto; euskalkia hitz egiten badu, hobeto, eta ondarrutarra edo zuberoarra bada, askoz hobeto. Hori da benetako hiztuna, beste kulturekin kutsatua izan ez dena”. Eta gaur horrela pentsatzeari ez dio kasualitatea irizten Artetxek. Azaldu zuen hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak nazionalismoaren sorreraren garaian egituratu zirela, hizkuntza nagusiak inposatu ziren garaian. “Unifikaziorako hizkuntza bakarra izatea tresna garrantzitsua zen, eta hori ezartzeko ondorengo argumentuak erabili zituzten: sintaxi perfektudun hizkuntzak zirela, funtzionalak zirela eta efizienteagoak”. Diskurtso horren kontra ideia erromantikoak hartu zituzten hizkuntza gutxituen aldeko mugimenduek, “folklorizanteak”: “Esaten zuten hizkuntza gutxituek balioa dutela, hain zuzen ere, primitiboak direlako, kutsatu gabeak direlako, bertakoak direlako, esentzialak direlako. Eta hortik dator gaur egun daukagun ideologia, hortik dator euskaldun onaren irudia”.

Aldiz, dio, hizkuntza nagusietan pentsatzen jarriz gero, inori ez letorkiokela burura euskaldun onaren irudi horren parekorik. “Ez litzaiguke baserritarrik agertuko. Etorriko litzaiguke burura norbait irakurria, dirkurtso jasoa duena eta ez dagoena komunitate bati edo beste bati lotua. Izan ere, estandarrak ez dauka karga ideologikorik, eta neutroa da, noranahikoa”. Baina azpimarratu zuen hizkuntza estandarrak botere instituzional, politiko eta ekonomiko handia dagoen eremu geografikotik gertu dauden aldaerak izan ohi direla, eta horregatik, euskararen kasuan, hiztuna benekotasunaren ideologiatik legitimatzeak baduela bere arriskua: “Euskalkia dutenen kasuan, dialektoak ematen die legitimazioa, baina euskara batua darabiltenek ez dute hain erraz gainditzen autentikotasunaren filtroa. Gasteiztar asko daude lehen hizkuntza euskara dutenak, baina euskara batua, eta horiei zera esaten diete askok: ‘Zein ondo hitz egiten duzun euskaraz arabarra izateko!’. Baina bestera, Berritxun bizi den senegaldar baten semeak zer kariño sortzen digun euskaraz entzuten dugularik!”. Filtro afektiboa ez da bera, eta beraz, benekotasunaren ideologiari arriskutsua irizten dio, hiztun zaharren eta berrien artean hierarkia bat sortzen delako eta hori ez delako estrategikoa hiztun berriak gehiago direnean.

Anonimotasunaren ideologiak ere badu bere zera. Euskarak badu bere estandarra, euskara batua, eraikia dena eta berez hiztun talde jakin batekin zuzenean identifikagarria ez den aldaera, baina hala ere, hiztun onari buruz galdetuta, oraindik ere gure buruetan “Olentzeroren irudia” agertzen dela gogorarazi zuen Artetxek. “Gertatzen dena da estandar horren ideologia nagusitzen dela batez ere idealizatutako ahozko hizkera abstraktu eta aldagaitzaren ideiak funtzionatzen duen bitartean eta botere eta instituzioek hori indartzen duten bitartean, eta hemen ez dela halakorik gertatzen. Hemen, botereak ez du euskara batuan hitz egiten; hemen, botereak ez du euskaraz hitz egiten”. Benekotasunaren ideologiak, beraz, “kale itsu batera” garamatza “bai ala bai” Artetxeren esanetan, baina anonimotasunaren ideologiak ere bai, “egungo baldintzetan ezin dugulako hizkuntza handiekin lehiatu”.

Horregatik guztiagatik beharrezkoa ikusten du modernitateko ideologietara sustraitutako konplexu ideologikoak zalantzan jartzea. Posmodernitatearekin batera bestelako identitate batzuk sortzen ari direla nabarmendu zuen, bai eta hizkuntzarekiko lotura ulertzeko modu ezberdinak ere, orain hogei urte ez geneuzkanak. Hortxe du esperantza jarria. “Egiten duguna egiten dugula gure ideologiaz kontziente izan behar dugu. Identitate hibrido horiek, gaur egun hain gaizki ikusiak dauden identitate likido horiek, errealitate bat dira eta jostagarriagoak dira. Guk ezin diegu eskatu haiei gure ideologiaren arabera kokatzeko; guri dagokigu kokatzea identitate horien arabera”. Eta horretarako, garrantzitsua ikusten du jabetzea erdigune asko eta ertz asko daudela, bai eta lehenbailehen hastea oinarri diskursibo berrien bila ere.

“Identitate hibridoak, gaur hain gaizki ikusiak daudenak, errealitate bat dira eta jostagarriagoak dira”

https://www.youtube.com/watch?v=AQMCH4i9PBM