Elkarren artean harremanetan jartzeko lehen ahalegina

2020-10-20    iruzkin


Elgoibartarrak dira Gorka Arreseren kuaderno zuriko protagonistak. Haiena da hitza, eta haiena izango da aurrerantzean ere, eta hain zuzen ere, euskararen eta kulturaren praktikan diharduten eragile horiek elkarren artean harremanetan jartzea izan da aurtengo ‘Euskara ala ezkara’ jardunaldiek helburua, denen artean euskalgintzaren eta kulturgintzaren egoeraren diagnosia bateratzeko eta adosteko. 52 lagun elkartu ziren guztira IMHko saioan, baina zazpi talde txikitan jardun ziren lanean; batetik, lanerako emankorragoa izan ohi delako sistema hori, eta bestetik, koronabirusa dela-eta segurtasun neurri guztiak hartzea zegokielako antolatzaileei. Luze solastu ziren taldetan kuaderno zurian jasotako ondorioez. Rita Aldabaldetreku Topaguneko kideak izan zuen lan-sistema dinamizatzeko ardura eta hark agindu zien hamabi ondorioak laura ekartzeko. Eta hala egin zuten goizeko saioan. Honako lau ondorio hauek lehenetsi zituzten.

  • 1. Euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteek, taldeek, egiturek eta eragileek ez dute elkar ondo ezagutzen. Ez dago organorik elkarren arteko komunikazioa errazteko edo laguntzeko.
  • Sortzaile asko dago, ekintzaile asko, eta horiek saretu beharra dago. Elgoibarren, kulturaren arloan ez dago izarrik.
  • Euskara eta kultura lehen lerrora ekarri beharra dago.
  •  ’Zein ote dira gazteen desirak?’ galderari erantzun behar zaio eta garai berrietara egokitu.

Kulturarentzat Elgoibarren nahiko luketen markoa irudikatzeko lehen ahalegin kolektiboa izan zen IMHko saioa, baina ez azkena, hurrengo urratsa zein izango den edo azken honi segida nola eman aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartu zutelako guztiek ‘Euskara ala ezkara’ jardunaldian, kontzertura joan aurretik. Izan ere, kultura egarriz diren horrenbeste euskaltzale elgoibartar batzen dituen dinamika bati ezin zitzaion azkena beste modu batean eman hainbeste sortzaile eta kulturgile dituen herrian. Jon Gurrutxaga herriko musikariak eta Urbil Artolak biribildu zuten aurtengo jardunaldia, Makina Erremintaren Museoan eskaini zuten kontzertuarekin.