Kuaderno zuria, euskalgintza eta kulturgintza artikulatzeko bidean lehen urratsa
2020-10-14 iruzkin
Hizkuntza, kultura eta herria lehen lerrora ekarri nahi horretan, gabezi handi bat identifikatu du Gorka Arresek (Zarautz, 1965) Elgoibarren, herriko eragileei egindako galdeketetan jasotako erantzunetan. “Lehen inpresioa izan da sortzaileek, erakundeek eta orobat herriko egituretan lan egiten duen jendeak ez duela bata bestearen berri. Asko zarete euskararen eta kulturaren praktikan Elgoibarren zabiltzatenak, baina mapa bat egitea falta zaizue, elkar ezagutzeko”. Kuaderno zurian batu ditu erantzunak, bai eta ondorio nagusiak eta hainbat proposamen ere.
Zenbait gauzek harritu egin dutela ere aitortu zuen Arresek, eta bat azpimarratu zuen: Elgoibarren, musikaren eta dantzaren espresioak direla jendetsuenak, nolabait esatearren euskararik gabeak diren jarduerak. “Literaturaren, antzerkiaren eta bertsoaren praktikak minorizatuak dira hemen, eta horregatik, horiek minorizatuak direlako Elgoibarko Izarra eta Barren herri aldizkaria bihurtu dira kohesio tresna nagusiak euskaltzaleen artean”, zehaztu zuen. Eta horren harira euskara eta kultura sinkronizatzeko premia “urgentea” dela esan zuen: “Ez genuke utzi beharko ekonomia egoera hobea denerako; ez genuke utzi beharko auskalo zer daukagunerako; ez genuke utzi beharko gerorako. Kultura da gainerako izakietatik bereizten gaituena eta euskarak egiten gaitu bereziak munduan, euskarak bakarrik”.
Behaketa eta galdeketa lanak egin ditu Arresek. Udaberrian, herriko hainbat elkarteren egoitzak eta biltokiak bisitatu zituen, eta aldi berean, martxoaren 19tik ekainaren 24ra bitartean, Elgoibarko euskalgintzako eta kulturgintzako 38 eragile galdekatu zituen: 28 erakunde eta 10 norbanako. “Elgoibar osoa epe laburrean analizatu ezin denez, kalitate bereziko zati bat deskribatzea erabaki nuen”, zehaztu zuen. Eta galdetu zien nortasunaz; galdetu zien egiten zutenaz, jardueraz; galdetu zien baita ere zituzten baliabideez eta tresnez, eta azkenik, baita, sentipenez eta pentsamenduaz ere. 1.900 erantzun jaso zituen liburu zurian. Elgoibarko kulturgintzaren deskripzio halako bat da kuaderno zuria, eragileen ahalmenak eta ahultasunak erakusten dituena, bai eta kolokan jartzen dituen arriskuak eta ibili nahiko luketen bidea (aukerak) seinalatzen dituena ere. Argi laga zuen koaderno zuria ez dela kuaderno itxi bat. “Orain erabilgarria izateaz gainera, osagarria eta emendagarria da aurrerantzean ere (nahi izatera). Prest dago ahots gehiago aintzat hartzeko”.
ONDORIO NAGUSIAK
1. Euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteek, taldeek, egiturek eta eragileek ez dute elkar ondo ezagutzen, edo gutxi gorabehera bakarrik. Ez dago organorik elkarren arteko komunikazioa errazteko edo laguntzeko, ez eta bilgune bat ere, maiztasun finkoz talde eta eragile ezberdinak elkartzeko.
2. Euskalgintzan, Elgoibarko Izarra da erreferente garrantzitsuena galdekatutako ia gehienentzat. Onespena dauka. Kulturaren arloan, baina, ez dago maila horretako izarrik.
3. Gazteek ez dute beraien lekua topatzen kulturaren praktikan, ez dago garbi zein eskaintza gustatuko litzaiekeen adierazteko modurik duten. Ezinbestekoa da belaunaldiartekotasuna lantzea ahalik eta lasterren, eta aldi berean, euskararentzat eta kulturarentzat funtsezkoa da gazteria eragile aktibo gisa hartzea kulturgintzaren ekosisteman.
4. Garai berriak dira, eta horren kontzientzia badaukagunez, kulturaren arloek eta teknologiaren sektoreek elkar hartuta, aro honen aukerak eta arriskuak neurtzeko orduan ez gara despistatu behar.
5. Gizonezkoen izenak dauzkate kulturaren lekuek Elgoibarren, baina, gaur egun emakumezkoak gehiago dira herriko euskararen eta kulturaren praktikan.
6. Pertsona batzuek 30 urte inguru edo gehiago dihardute lanean herrian konpromiso handiz, baina berrikuntza faseak azkartu egin beharko dira laster, eta herriko egitura, elkarte eta zerbitzu askotan, lanen, harremanen, tratuen, lorpenen eta helburuen transmisioa egin beharko zaie arduradun, taldekide eta langile berriei.
7. Sinergia behar da kulturaren eta industriaren artean. Kulturarik ez da jakintzarik eta teknikarik gabe. Batera datoz. Maila teknologiko nabarmenera iritsi da Elgoibarko tradizio industriala, eta aintzatetsia da Euskal Herrian eta munduan. Garapen teknologiko moderno horrek aurrerantzean lagundu egin behar luke euskara eta kultura goren gradura gidatzen.
8. Duela 50 urte baino presentzia askoz handiagoa du euskarak herrian, eta ez da perspektiba galtzerik komeni. Autokritika ere egin dute, baina, eragileek: desoreka, konpromiso falta, kontzientzia falta, ikerketa falta, ekintzen eta egitasmoen ebaluazioa hobetzeko premia…
9. Euskara eta kultura lehen lerrora ekarri behar dira, euskarak eta kulturak egiten gaituztelako berezi eta bakar munduan.
10. Eragile batek, berak bakarrik, ez du lortuko Elgoibarren euskararen eta bere kulturaren normalizazioa. Batek bakarrik ez du lortuko euskararen erabilera handitzea edo kulturzale gehiago inguratzea. Askotarikoa izan behar du kulturaren egitarauak, baldin eta Elgoibarko jendarte osoak programatutako ekitaldiekin gozatuko badu. Egitarau guztiz adostuak ezin dira diseinatu, hala ere. Nork bere autonomia ez du galdu behar, baina eragileen eta herritarren interesen arteko adostasun maila bat lortu behar da.
11. Denbora falta dugula uste dugu sarri, baina denbora, berez, ez da falta izaten den tresna bat. Gertatu ohi zaiguna da, asmoak, konpromisoak, proiektuak, enkarguak, helburuak betetzeko nahikoa baliabide eta laguntza ez dugula izaten sarri. Ez dugu denbora falta, norbaitek laguntzea baizik.
12. Nork bere premiak eta helburuak ditu. Beti ez dira betetzen, baina ez dugu sekula pentsatu behar ametsak ez direla egingarriak edo lortu ezinezkoak.
SEI PROPOSAMEN AURRERA EGITEKO
1. Sistema moduko bat eratu beharko litzateke, euskalgintzaren eta kulturgintza osoa artikulatzeko, sakabanatuta ez segitzeko.
2. Kulturaren mapa “ikusgarri eta praktiko” bat egin behar litzateke lehenbailehen, jakin dezagun non gauden, elkar ezagutu dezagun xehetasunez, kontzientzia har dezagun zein diren bakoitzaren ahalmenak, artikulatu eta optimizatu ditzagun ahaleginak denon artean.
3. ‘Kultura’ hitzak ez du gauza bera adierazten denontzat eta aberastasun ezaugarria da kulturari buruz ditugun kontzeptuak askotarikoak izatea. Horregatik mesedegarria da euskararen eta kulturaren komunitatean debatea egotea. Iritzi diferenteak jokoan sartzeak sustatu beharko lituzke dialogoa, elkarri entzutea, konplizitate giroa, kooperazio aukerak…
4. Zubigilearen figura sortu beharko genuke, batzuk besteekin konexioan eta tratuan jartzeko, batzuen eta besteen premiak eta ezintasunak konpontzen laguntzeko.
5. Kulturak herrian zein aktibitate eta bilakera izan dituen kontatu beharko genuke; batzuek besteen berri jakiteko, egindako lanaren balioaz kontzientzia hartzeko, hurrengo belaunaldiak ideia izan dezan nola proiektatu etorkizuna.
6. Interneten, euskarak eta bere kulturak partekatzen dituen edukiak ez dira sekula nahikoa izango erdaretan jasotzen ditugunen artean eta horregatik plaza digitalak indartu behar ditugu. Herriko kulturgintzaren historiari buruzko edukiak zein egungo sormen berriari lotutakoak jaso, bildu eta sozializatzeko epe luzerako estrategia adostu behar da.