Hizkuntza eta kultura: bat ezin da bestea gabe
2020-10-14 iruzkin
“Ekosistema bereko organismoak dira kultura eta hizkuntza, bat ezin da bestea gabe”, jaso du Gorka Arresek kuaderno zuriaren hitzaurrean: “Guri iruditzen zaigu euskararen erabilera ez dela zabalduko, kulturaren praktika bizkortzen ez bada errekako ur freskoa bezala. Aldi berean, kulturgintzak ez du osasuntsu irauteko aukerarik izango, baldin eta euskarari ematen ez badizkiogu behar dituen argia eta indarra”. Hor abiapuntua, lehen premisa; hor marko teoriko bat. Eta horri lotuta, bi ohartarazpen, Barandiaranen ahotan. Bat: “Euskaldunok ez dugu astirik hartzen zer egin dugun aztertzeko. Etengabe ari gara egiten, baina ekin behar horrek askotan eragozten digu atzera begiratzea eta ez dugu astirik hartzen elkarrekin zer egin dugun ikusteko, ez eta horrenbeste lan egin ondoren gure ametsak zergatik ez diren gauzatu aztertzeko ere”. Eta bi: “Euskaldunok ez dugu ezagutzen gure ondarea. Gure kulturari eta gure hizkuntzari bizkarra emanda bizi gara”. Jalgi egitasmoak adostutako diagnosiko puntu nagusiak dira Barandiaranek gogora ekarri zituenak. Aiaraldea Komunikazio Leihoak, Ahotseneak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak sortu zuten Jalgi euskal kulturaren plaza 2016an eta hark egindako diagnosi hartatik ateratako ondorioa gogora ekarri zuen Barandiaranek Elgoibarren: “Euskal kulturgintzaren berariazko erronka kulturzaleak sortzea izan behar da, ez daukagulako kultur zale nahikorik euskal kulturaren ekosistema osasuntsu mantentzeko”.
Euskal kulturgintzaren sistema eragile ugariren multzo artikulatuak osatzen duela nabarmendu zuen, eta kulturaren sistema biziko bada, sare horretan parte hartzen duten guztien beharra dagoela azpimarratu. “Behar ditugu sortzaileak, antolatzaileak, hezitzaileak, kudeatzaileak, logistikako eta lan teknikoetako profesionalak, industriak, komertzioak, euskal kultura lantzen duten kazetariak eta hedabideak, eta etxean nahiz hezkuntza arautuan transmisioa bermatuko duten euskaltzaleak… behar ditugu kultur zaleak. Behar ditugu zale aktiboak, eta baita ere kulturarekiko herritar pasiboak direnak”. Sistema egoki bizi dadin, lau alor zaindu behar direla zehaztu zuen: sormena, plazak (fisikoak zein birtualak), komunikazioa eta transmisioa. Hau da, batetik, pertsonaren garapen integralerako modu sistematikoan landu beharko litzatekeela sormena, bestetik plazak gehiago zaindu behar direla, Euskal Herriko plaza fisiko zein birtualetan gehiena erdaretan dagoelako, eta hirugarrenik, komunikazioa eta transmisioa indartu behar ditugula ezinbestean, “sekulako arazoa daukagulako sortzen duguna herrikideei helarazteko eta transmisioan etena izan dugulako, bi belaunalditako etena.
Eta gogoetarako, lau ikerketak plazaratutako ondorio kezkagarriak aitatu zituen.
- Soziolinguistika klusterrak eskola-giroko hizkuntza-erabilerak neurtzeko egin ohi duen Arrue proiektuaren emaitza, zeinak erakusten duen 16 urte bitarteko gazteek oso atxikimendu txikia dutela kulturarekiko eta dutena ez dela, bistan da, euskarazko kulturarekikoa.
- Euskal kulturaren kontsumoaz Siadecok eta Elkarrek osatutako ikerketarena, zeinak erakutsi zuen euskaldun gehienek ez dutela euskarazko kultur edukietara jotzen (lau euskaldunetik batek bakarrik jotzen du).
- Mintzola Ahozko Lantegiak eta Udako Euskal Unibertsitateak iaz ahozko kultur sorkuntzaren harira antolatutako udako ikastaroetan izan ziren hiru irakaslek euren tesietan jasotako ondorio nagusia: ahozkotasunean izugarrizko arazoak dituztela ikasleek euren ideia eta sentimenduak nahiko lituzketen moduan adierazteko, eta beraz, ezinbestekoa dela ahozkotasunari zentralitatea ematea hezkuntzan, horrek eragin zuzena duelako gero gazte horiek egingo duten hizkuntza hautuan.
- EAEko Eskola Kontseiluak joan zen astean argitaratutako txostena, zeinean esaten duten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etengabeko hazkundean dagoela D eredua, baina ez duela lortzen haurrak guztiz euskalduntzea. Are, euskarazko hizkuntza gaitasunak behera egin duela diote datuek eta LHko ikasleen %37k eta DBHko %46k «maila baxua» dutela. Horregatik, D ereduari buruzko “azterketa sakona” egiteko eskatu dute.
Euskara normalizatzen ez bada, bere kulturak ere nekez iraungo duela ohartarazi zuen Barandiaranek eta euskaldun izatearen kontzientziaz aritzeari “premia-premiazkoa” iritzi zion. “Gure marko teorikoa, eta zuena, behintzat Euskara ala ezkara jardunaldiak antolatu izan dituzuenona, hori da: euskara eta kultura ekosistema bereko organismoak direla, eta beraz, aritu behar garela euskaldun izatearen kontzientziaz, kulturgintzaren bitartez. Hain zuzen ere, horretan jardun zarete Elgoibarren urteetan: euskaldun izatearen kontzientzia lantzen, ezagutzaren eta pentsamenduaren bitartez lehenengo eta kulturgintzaren bitartez gero”. Eta hori esanda, bi galdera pertinente, bi galdera deseroso, egin zituen: “Baina hori dena eginda ere, gaur, euskaltzale eta kulturzale gehiago zarete Elgoibarren? Eta zaretenok nahikoa zarete euskararen erabilerak eta kulturgintzarekiko atxikimenduak gora egin dezan herri honetan?”.
Horri erantzuteko proposatu dute Gotzon Barandiaranek eta Gorka Arresek Liburu Zuria proiektua, eta egitasmo kolektibo horren lehenengo urratsa da zapatuan Arresek aurkeztu zuen Elgoibarko Euskalgintzaren eta Kulturgintzaren Egoeraren Diagnosiaren harira egin zena.