Literatura eta informatikaren arteko harremana

2019-10-29    iruzkin


Literatura eta informatika elkarrengandik aparte dauden bi mundu direla uste arren, bien arteko ustezko amildegi hori ez dela horren zuloa ohartarazi zuten Manex Garaio eta Bertol Arrietak, Euskara ala ezkara zikloan. Bien arteko lotura uste baino estuagoa dela esan zuten, eta etorkizun laburrean are estuagoa izango dela nabarmendu.

Informatika eta literaturaren arteko lotura hiru kategoriatan banatu zuen Garaiok. Batetik, informatika literatura eta haren inguruko ezagutza zabaltzeko erabil daitekeela azaldu zuen, eta hainbat adibide jarri zituen, besteak beste Armiarma.eus, sarean euskal literaturaz eta euskal idazleei buruz dagoen gordailu digitala. Bestetik, informatika erabil daiteke literatura aztertzeko ere. Manex Agirrezabal eta beste hainbat ikerlarik garatutako sistema jarri zuen horren adibidetzat. Bertso sorkuntza automatikoa ikertu zuten Agirrezabalak-eta, eta horretarako, 1986tik 2013ra egon ziren bertsolari txapelketa nagusi guztietako gaiak aztertu zituzten, bai eta bertsolariek gai horiekiko hartu zuten jarrera eta zeintzuk errima eta neurri izan ziren gehien erabili zituztenak. Hala ikusi zuten, esaterako, kartzelako gaietan garai batean erabilienak izan ziren neurriak, zortziko handia eta hamarreko handia, nekez erabiltzen dituztela gaur egun bertsolariek kartzelakoan. Bertsoak automatikoki analizatu zituzten, eta makina bat datu deigarri bildu. Esate baterako, 1986an ariketa guztien %10ean hitanoa erabili zutela bertsolariek kanturako, eta azkeneko txapelketan, berriz, bi bertsoalditan baino ez zela hitanoz egin. Agirrezabalak garatutako sistema horri esker, baina, bertsoa bakarrik ez, idazle jakin baten ibilbidea ere azter daiteke, edota idazle beraren bi liburu konparatu, idazkera zenbat aldatu duen ikusteko.

Hirugarren kategoria baten, Garaiok gogorarazi zuen informatika erabil daitekeela baita ere literatura sortzeko. Aitzol Astigarragak lantalde handiago baten ondoan garatutako Bertsobot robota jarri zuen horren adibidetzat. Bertso-doinuz osatutako bilduma batetik abiatuta, bertso eta doinu berriak automatikoki sortzen ditu Bertsobotek.

Hizkuntzaren prozesamenduko teknikak erabilita, poesia-sorkuntza automatikoaren lehen urratsak eman zituzten Bertsobotekin. Horretarako, corpusen prozesamenduan oinarritutako bilaketak erabili zituzten, bai bilaketa arruntak eta baita bilaketa semantikoak ere. Hala, Euskaldunon Egunkaria-ren corpusa (argitaratutako albiste guztiak) eta bertsolari txapelketan erabilitako esaldi guztiak aztertu zituzten. Ondoren, esaldi guztiak neurriaren arabera sailkatu zituzten, gero lau oin emanda, robotak berak aukera zezan zeintzuk esaldi zetozen bat errima horrekin. Mikel Azkaratek Ustaritze Beteluren poemekin egindako saioa da informatikak literatura sortzeko balio dezakeela erakusteko beste adibide bat.

Beteluk urteetan euskaraz idatzitako poemak sare neuronal batetik pasatu zituen Azkaratek. Helburua zera zen: olerki bat automatikoki sortzea, Beteluk egingo lukeen bezala. “Esperimentu haren inguruko espektatibak batzuk ziren, eta emaitza beste bat izan zen, baina teknologia garatzen doan heinean emaitza errealistagoa izango da”, esan zuen Garaiok horrek harira.

Eta azken kategoria horren barruan, hirugarren adibide bat ere jarri zuen Garaiok, Kode Poesiarena, Bertol Arrieta lagunak zehatzago azaldu zuena. Programazio lengoaiak erabilita idazten den olerkia da kode-poesia. Arrietak azaldu zuen programatzearen helburu nagusia funtzionatzen duen produktu bat (sakelako telefonoetarako aplikazioa, webgunea…) garatzea izan arren, kode-poesian horrek ez duela hainbesteko garrantzirik. Literatura eta informatika elkartzen diren gutxitan esploratutako lurraldean barneratzeko gonbita egin zuten bien artean Elgoibarren, eta zenbait kode-poema aztertu ondoren, Kode Poesia Laborategian, nork bereak egiteko baliabideak ematen dituztela azaldu zuten.