Zuzentasuna eta egokitasuna, ezinbesteko

2019-10-28    iruzkin


Sarean euskararik ba ote dagoen galderari erantzun zion Ainhoa Arregi filologo, UZEIko Lexikografia Saileko kide eta euskaltzain urgazleak, eta euskarak sarean dituen baliabideak, abantailak eta arriskuak/ahuleziak aletu zituen.

Galdera nagusiari erantzuteko, modu bat baino gehiago daudela ohartarazi zuen, eta ikuspegi baikorrari helduta esan zuen beste hizkuntza askok ez bezala, euskarak baduela gaur presentzia sarean eta urteetan pilatutako ondare hori “oinarri sendoa” dela “euskara malgutu, aberastu eta zabaltzeko”. “Baliabide-zerrenda handia da, eta katalogo oparo hori sarean daukagu gure hizkuntzaren alderdi normatiboa landu nahi izanez gero”. Kontsultarako behar dugun ia guztia daukagu, beraz, Interneten: hiztegi orokorrak, Euskaltzaindiak kontsultarako dituen hiztegiak, kontsultarako corpusak, hiztegi terminologikoak, kontsultaguneak (Euskara Batuaren eskuliburua, Berria-ren estilo liburua…), zalantzak argitzeko Ehulku eta Jagonet webguneak, itzultzaile automatikoak (Itzultzaile neuronala, Modela, Batua.eus), zuzentzaile ortografikoak (Hobelex, Xuxen), eta itzulpegintzarako bestelako tresnak.

Interneten euskarak dituen adierazleez eta adierazle horiek neurtzearen beharraz ere aritu zen Arregi, hizkuntza baten bizitasun digitala neurtzeko berebiziko garrantzia dutelakoan. Eta aipatu zituen adierazle horietako batzuk ere: .EUS domeinua (hamar bat mila daude); sare sozialak, euskarazko komunikabideak —tartean bereziki bat, Berria, euskarazko egunkari nazional bakarra eta euskara “berariaz eta bereziki” zaintzen duena—, eta Wikipedia. Munduan dauden 8.000 hizkuntzatatik 300 besterik ez daude Wikipedian, eta horietatik 29. lekuan dago euskara. Iaz, 30.000 bisita izan zituen Wikipediak, gainera, eta Hekimen elkarteko euskarazko komunikabideen webguneek, berriz, ia 24 milioi bisita.

Hala ere, datu positibo horien ondoan, irauli beharreko kontu bat ere ikusten du: “Euskarazko edukien zuzentasunari eta egokitasunari paperezko argitalpenetan arreta handia jarri izan zaio, baina oraindik ez gara maila horretara iritsi sareko edukietan, berehalakotasunak pisu handia duelako”. Lan hori errazteko tresnak egon badaudela ohartarazi zuen eta haiei zabalkundea eman beharra azpimarratu, “akatsak barreiatzeko bideak ugaritzen badira, ez dugulako sekula oinarri sendorik izango”. Hutsune bat ikusten du hor: “Erabilera-eremu urriko hizkuntza da gurea, eta alderdi normatiboan aurrerapauso handiak egin ditugu, bai, baina ez diogu erritmo berari eutsi normalizazioan eta ezarpenean”. Arregiren esanetan, inguruko hizkuntzetan akatsak “asaldagarriak eta onartezinak” iruditzen zaizkigu, baina euskaraz ari garela, berriz, “ulergarriak eta onargarriak”. “Hasiera-hasieratik euskaraz eskaini den guzti-guztia esker onez jaso dugu euskaldunok —baita hala moduz emandakoak zirenean ere—, baina uste dut, hainbat urteren ostean, maila bat igotzeko eta eskatzeko moduan gaudela”. Horri lotuta, eta lan-munduari begia jarrita, traba irizten dio Euskal Herriko enpresa pribatuak legez euskaraz lan egitera edo euskaraz komunikatzera behartuta ez egoteari. “Enpresa pribatuek euskaraz egin badute, nahi dutelako izan da edo bezeroak erakartzeko eta asebetetzeko behar zutelako”. Horregatik, presio soziala oso kontuan hartzeko puntua dela uste du. Gaur, mundu-mailako salmenta-plataformarik garrantzitsuenek (Amazon, eBay, Alibaba…) ez dute euskarazko bertsiorik, ezta euskarak baino askoz hiztun gehiago dituen katalanezkorik ere, “eta normaltasunez edo etsipenez onartu dugu enpresa horien hizkuntza-eredua gure eguneroko bizitzan”. Erraldoi teknologikoekiko ditugun hutsuneak azaleratu zituen jarraian, eta nagusiena hauxe: ez ditugula euskaraz konfiguratzen gailuak eta horren ondorioz ez gaituztela aintzat hartzen, eta lagatzen dugun aztarna digital horrek euskararako irabazita geneuzkan eremu batzuk galtzea ekar dezakeela. Ikea-rekin gertatutakoa jarri zuen horren adibidetzat: Euskal Herrira iritsi berritan sarean euskarazko bertsioa eskaintzen zuen IKEAk, baina halako batean, erretiratu egin zuen.

Erronka nagusiak

Ingurune digitalean euskarak izango duen erronka nagusia tresna berriak eta eraginkorragoak sortzea ez ezik, tresna horiek eta jada baditugunak erabiltzea eta eguneratzea ere izango dela uste du Arregik, eta azpimarra horretan jarri behar dela dio, baliabide horiek ezagutarazi, sustatu eta bultzatzeko modu berriak pentsatzean. Eta gutxieneko zuzentasuna eman bai, baina eskatu ere egin behar dugula dio, eta horretarako, presio soziala funtsezkoa izan daitekeela. Indarrak batu beharra ere ikusten du, eta euskarak aro digitalean egin behar dituen lanetan lidergoa hartu eta koordinazio-lanak egingo dituen koordinatzaile baten falta. “Lankidetza sustatu behar dugu, guztiz agerikoa ez den lehia bat ere badelako gurean. Mila faktorek eragiten dute hori: argitalpenak, ikerketak, eta proiektuak garatu behar direla unibertsitatean merituak lortzeko; enpresak irauteko, beharbada, lehendik ere egoera prekario samarrean dituen langileak mantendu behar dituela; euskarazko edukiak doan eskaini beharra, baina aldi berean eduki horiek sortzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea… Finean, euskarara eta euskal kulturara ekarri nahi dira industriaren paradigmak: mozkinak, errentagarritasuna… eta euskal kulturan ezin da. Euskararen egoerak ez du ematen horretarako”.

Beraz, euskararen normalizazioan eragin eta estandarizazio-prozesuan aurrera egin nahi bada, kontzientziazioa, presio soziala eta oinarria zaintzea ezinbesteko dela uste du Agirrek.