Euskalgintzak eta feminismoak badute elkarrengandik zer ikasia
Euskalgintza eta feminismoari buruzko zikloaren baitan Mari Luz Esteban antropologo eta pentsalari feminista gonbidatu dugu gurera. Luzea da antropologia feministan egina duen bidea eta, besteak beste, gorputza, emozioak, maitasuna eta genero identitateak ikertu izan ditu.
Uxue Alberdi ekarri dugu Mari Luzi elkarrizketa egiteko eta, besterik gabe, honako galdera egin dio: “Izan daiteke feminista euskaltzale izan gabe?”. Galdera honi erantzunez, Mari Luzek diosku baietz, bizi daitekeela euskalduna euskaltzale izan gabe eta euskaltzalea erdalduna izanda. Bi norabideak gertatzen direla eta feminismoan gero eta euskaldun gehiago daudela.
Ispilu-joko horrek, feminismoa eta euskaltzaletasuna bidegurutze berera ekartzeak, zertan funtzionatzen duen eta zertan egiten duen huts galdetuta, Mari Luzek dio ezin dela gauza berri bat ikasi zaharra berrikusi gabe. Euskaltzaleen artean badagoela grina gehiago jakiteko feminismoaz. Gero eta gehiago interesatzen zaizkigula aliantzak eta hobe dela mugimenduak lotuta izatea elkarrekin aritzeko. Izan ere, euskalgintza pil-pilean dagoela eta irekita dagoela, adibidez, Euskara Batzordea eratu dutela Marienean eta hori oso interesantea izan dela.
Bere esperientzian, ea konparatu al dituen emakume bezala egindako ahalduntze-ariketak eta euskaldun bezala egindakoak, eta ea berdin sentitu al duen zapalkuntza emakume moduan eta euskaldun moduan galdetu zaionean, Mari Luzek bere bizitzan bi bide paralelo izan direla dio. Ahalduntze pertsonala kolektiboarekin batera izan zela eta euskalduntzerakoan faktore afektiboa oso garrantzitsua izan zela bikotekide oso euskaltzale batekin, modu afektiboan. Unibertsitatean klaseak euskaraz ematen dituela eta ikasleek asko irakatsi diotela hizkuntza arloan. Gaineratu du bideak oso desberdinak izan daitezkeela, izan ere, faktoreak asko izan daitezkeela, afektiboak, ideologikoak, lanbideena…
Zapalkuntzak gurutzatzen direnean, haien artean hierarkiak sortzeko arriskua dago, lehentasunak markatzekoa, Hori horrela bada, nola jokatu daitekeen bidegurutzeetan askapen borroka bat beste askapen borroka batentzat oztopo ez gertatzeko galdetuta, Mari Luzek esan du ikuspegi integrala izan behar dugula, baina kontua dela zein faktoreri eman behar diogun lehentasuna. Faktore ahulak egon direla dio, adibidez, hizkuntza, arraza, klaseak…; ez direla izan hain transbertsalak, eta erne egon behar dugula. Generoak duela garrantzi handia, normalean indarkeria emakumearen kontra izaten delako. Horregatik dela inportantea ahalduntzea.
Euskalgintzak zer ikas dezakeen borroka feministatik eta feminismoa zertan izan litekeen eredu euskalgintzarentzat galderaeri erantzuna emateko, Mari Luzek dio esperientzia moduan oso lotuta daudela, bietan kolektibo bat daukagula atzean.
Antzekotasun handiak daudela ahalduntze prozesu batean. Izan ere, loturak handiak direla, baina “praktikatu” egin behar dela. Asko zabaldu dela feminismoa azken urteotan eta euskara ere bai, baina maila formalagoen beharbada.
Mari Luzek dio feminismoak, igual pentsatzen duela, guztiak feministak direla, bada, erasoak feminismoan oso sotilak dira. Ikertu beharko litzatekeela zergatik dauden gazteak feminismoan eta euskalgintzan ez.
Beharbada praktikarekin zerikusia duten teoriak interesgarriak izan daitezkeela. Feminismoan teoria/praktika oso lotuta daudela. Euskalduntzean ahalduntzen bazara, horrek balio dizula feminismorako, elkar-elikadura dagoela.
Uxuek galdetu dio Mari Luzi ea euskalgintzak borroka feministari zer erakuts diezaiokeen eta zer har lezakeen feminismoak euskalgintzaren ekinetik, eta berak esan digu sormena izan daitekeela. Agnés Vardak berriki esan omen du berarentzat zahartzaroa lehengai bat dela. Bertso eskola feministak ere erakusten diola. Erakusten digula gutxiengoan bizi izaten. Azken batean zurea defendatzea dela. Leku guztietan gaudela eta euskara ere bai, baina agian arlo formalean. Euskaldunek kulpa sentimendua dute askotan, feminismoan, berriz, sotiltasun gehiago dago.
Azken urteotan, badirudi feminismoa erakargarriagoa zaiela gazteei euskalgintzako militantzia baino. Zertan asmatu du feminismoak? Zertan egin du huts euskalgintzak? Galderari erantzuteko Mari Luzek dio euskarari dagokionez, asko arduratuko garela arlo formalez, eta hortik kanpo beti borrokan ibili garela. Euskarak eskatzen digula oso aktibo izatea. Agian, gazteekin ikerketa gehiago egin behar direla. Neska gazteek energia handia sartzen dutela feminismoan, baina mutilak? Hor gazteak badaude, lortu egin behar direla biak.
Berdintasuna modan edo puri-purian dagoen kontzeptua da, baina gune euskaldun askotan euskaltzale-kontzientzia galtzen ari da. (Gero eta gehiago dira abeslariak, esaterako, esaten dutenak “nik euskaraz, inglesez eta gazteleraz abesten dut, naturalki, gogoak eskatzen didanaren arabera, hiru hizkuntzak daudelako nigan”, baina hizkuntza guztiak ez daude botere-posizio berean… Hizkuntza-hautua ez da politikoa, askorentzat. Adierazpen horiek kontuan hartuta, Mari Luzek dio ideia hori, “euskaraz” egiten baduzu, hemen geratuko dela, ideia horiek oso potente daudela gizartean, eta oso kezkagarria dela.
Udako ikastaro batean maketo irainaren errebindikazioa egin zuela esan dio Uxuek, eta galdetu dio ea zergatik errebindikatu zuen maketo hitza komunitate zapaldu batek (euskaldunenak) beste komunitate zapaldu bati (Espainiako langile etorkinei) zuzenduriko iraina baldin bada. Mari Luzek dio maketoaren figura, gizaki pobrea, itxuraz iluna eta eskola gabea dela. Batzuk etorri zirela lanagatik, politikagatik eta emakume batzuk nahi ez zuten ezkontza batetik ihesi. Maketo hitzak gogorarazten dizu nondik gatozen, hemen beti egon dela ideologia arrazista. “Hemengoak eta kanpotarrak” definizioa ez zaiola gustatzen, gaur egun “etorkin” hitza erabiltzen dela, hori leunagoa egiten dela.
Uxuek esaten dio kontrako aldera ere (aldeano, kaxero, borono…) ez direla gutxi izan irainak. Sarri gertatzen dela boteredunak libre eta zapalduak euren artean mutur-joka aritzea, eta galdetu dio ea guneak eta egiturak sortu behar diren komunitate zapalduen arteko ezagutzarako eta elkarlanerako. Mari Luz ados dago, aliantzak erabili beharrean, diferentziak erabiltzen ditugula dio. Halere, irain gogorragoa iruditzen zaio ‘maketo’ hitza ‘aldeano’ hitza baino.
Uxuek dio udako jardunaldi horretan, bai berak eta bai Amelia Barquinek ere, “zapaldumetroan” ahaztu nagusi bat seinalatu zutela: klasea. Feminismoaz ari garenean sarri ari garelako feminismo zuri europar kapitalistaz (gutaz, alegia) eta euskalgintzatik ere sarri egiten ditugulako kanpainak eta abar “gure klasekoentzat”. Eta galdetu dio “Gu eta gutarroz” ari garenean, nor uzten dugun kanpoan eta zer galtzen dugun horrekin. Mari Luzek esaten du, feministek ez dituztela babestu zaharren etxetako langileen borrokak eta hor klasismoa ikusten dela. Lotsatu egin beharko ginatekeela. Feministen artean ere badagoela klasismoa gazte ikasien eta zaharragoen artean. Etxeko langileen borrokan feminismoa ez dela transbertsala.
Feminismo intersekzionalaz edo elkarguneko feminismoaz hitz egiten dela eta ea azalduko digun, mesedez, horrek zer esan nahi duen galdetu dio Uxuek. Izan ere, ez bada intersekzionala nola partekatu borrokak? Nola egin aliantzak? Nola ekidin/landu hierarkiak?. Mari Luzek dio intersekzionalitatea emakume beltzek sortu zutela. Emakumea, beltza, pobrea… dena batera doala. Hori dela intersekzionalitatea, ezin dela bereizketarik egin: klasea, generoa, arraza…
Feminismoan nola intregratzen den arrazakeriaren eta klase-zapalkuntzaren aurkako borroka galdetu eta adibide batzuk jartzeko eskatu dio Uxuek, eta Mari Luzek esan dio dena batera ikertu behar dela, bere osotasunean.
Zer litzateke euskalginza intersekzionala edo elkarguneko euskalgintza? Zer hartu behar luke kontuan? galderari Mari Luzek erantzun dio izan behar dituela norabide biak, baina aldi berean. Feminismoan erronka bat daukagula: gu eraikitzen gaituzte menpeko, adibidez, umorearekin edo terrorismoarekin…, eta hori kolonialismo mota bat da. Baina beste aldean ere badaudela dio.
Nola hurbildu a priori urrun dauden komunitateak? Edo eta ea konpartituko al lituzkeen gurekin interesgarri egin zaizkion iniziatibak, moduak, teknikak (xuxurlariena, adibidez)… eta une honetan nola ikusten duen feminismoa eta zeintzuk uste duen direla bere erronka nagusiak galdetuta, Mari Luzek esan du euskal gatazkan, “bakegintzan” badugula zer esana prozesu honetan, beti egon garela emakumeak, baina bitartekari eta ez protagonista. Eta ordua dela, ze gu integratzaileak garela oso.
Eta Uxuek euskalgintza nola ikusten duen eta zeintzuk uste duen direla bere erronka nagusiak galdetu dionean, oso pil-pilean dagoela, adituak daudela berritu nahian eta hori emozionantea dela, trantsizio batean, “bilatzen” prozesuan dagoela erantzun digu.