Saioaren kronika
‘Euskalgintza eta Feminismoa eskutik helduta’ zikloaren baitan, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel izan genituen ‘Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?’ edo ‘Izan zaitezke euskaltzale feminista izan gabe?’ izenburupeko saioan. Ainhoa Mendibilek egin zien elkarrizketa, eta honako galderari erantzunez ekin zioten jardunari: “Noiz hasten gara euskaltzale edo feminista garelako kontzientzia hartzen?”
Loreak dio bizitza pertsonalean ditugun bizipenekin hasten garela eta konfrontazio egoeretan konturatzen garela euskaltzale edo feminista garen, bere kasuan 6-7 urte zituela, ikastolara joateko bidean, erdaldun asko bizi ziren auzo batetik pasatzean ohartu zela horretaz.
Idurrek, berriz, inguru berdintsua izan duela dio, baina “anomalo” sentitu izan dela “erdian” ez egoteagatik. Emakume izateak arazoak ekarri zizkiola ikastolan mutilek futbola jolas nagusi bihurtu zutenean. Bere hitzetan, mutilek jolaserako leku guztia hartzen zuten, eta nahiz eta neskak jolas horretan sartzen saiatu, hartatik bota egiten zituzten. Garai hartan hori normala omen zen. Horregatik dio emakumeak “anomalo” eta “periferian” egon garela.
Nerabezaroan ere antzeko zerbait gertatzen omen zen, adibidez autobusean euskaraz egiten bazenuen aurrealdean jarri behar zenuen, eta aurrean joateko, jakina, boteretu beharra dago, izan ere, oraindik zenbait egoeratan “anomalian” jarraitzen dugu. Boteretzearena etengabeko borroka baita “askatasuna” bezala.
Idurrek dio beti pentsatu izan dela Goierri euskalduna dela, baina hain zuzen, Beasain ez dela hain euskalduna eta ikastolak harrotasunez bizitzeko aukera eman ziela.
Lorearen hitzetan, helburua da arlo guztietan boteretzea, eta horretara euskalgintza-feminismotik helduko garela dio. Bada, euskaldun-feminista kasuetan, “eskubide” gutxiago dituzu eta beste batzuek ez dute “salto” hori eman beharrik izan.
Hizkuntzaren normalizaziotik harago iritsi behar dugu. Azken finean, botere horrek eramaten gaitu borroka egitera herritarren eskubide batera iristeko. Loreak dio gure semeek ateak irekita izango dituztela baina gure alabek ez hainbeste. Gaineratu du, eskubideez ari bagara, euskalgintza eta feminismoa demokratizatzeko bideak direla.
Idurrek azpimarratu nahi du, askotan, maila indibidualean ahalduntzen garela eta horrek ez digula mesederik egiten. ‘Ahalduntzea’ terminoa baino ‘boteretzea’ terminoa gustazen zaio gehiago Idurreri, “kolektiboagoa delako”. Boteretzea pertsona bakoitzarengatik mamitu beharko litzatekeela, eta oso presente izan behar dugula dimentsio kolektiboa demokratizazioarekin, betiere, espazioak hobeto banatzearekin. Denentzat balio behar du, bestela gezurrezkoa izango bailitzateke.
Ea euskalgintzak feminismoari beranduegi heldu dion galdetzean, Idurrek dio bi krisi izan direla mendebaldean, bata ezkerrak izan duena eta bestea borroka armatuaren bukaerarena, eta horrek mesede egin diola feminismoari begiratzeko moduan, hau da, aspaldian feminismoak egiten zituen aldarrikapenak atera egin direla, izan ere, krisiaren ondoren, sustraietara jotzeko unea iristen da beti, eta jakina, garai bateko diskurtsoak ez digula orain balio.
Loreak aipatzen du gaur egun Euskal Herrian garai diferentea bizi dugula, eta horrek ziurgabetasun handiak ekarri dizkigula. Bada, lehen, markatutako patroi batzuekin bizi ginela, baina gaur egun, ordea, ez dagoela ezer segurua. Pentsatzen jarrita, ez dakigu aurrerantz ala atzerantz goazen. Bere ustetan, horrek ekarri du baztertuta zeuden pentsamenduei kasu gehiago egitea.
Feminismoak euskalgintzara zer irakaspen ekar ditzakeen galdetuta, Idurrek dio euskaldunok erabaki baten jabe izan nahi dugula, orain artekoa zalantzan jartzen dugula, baina euskalgintzari aitortu behar zaiola aurretik egin duena, eta badela momentua hori aitortzekoa. Hala ere, feminismoak izan duen jendarteratzeari begiratu behar liokeela euskalgintzak, izan ere, Idurren iritzian, feminismoaren ekarpen inportantea da “lehen emakumearekin lotzen zena” jendartera eramatea, “guztion ardura baita, ez soilik emakumeena”. Hala, euskalgintzak ere eman beharko luke urrats hori, Idurrek dioenez.
Loreak honako galdera hauek bota ditu: “Zer herri nahi dugu? Zer gizarte?” Kontua da ezin direla bi kontzeptuak ulertu normalizaziotik pasa gabe. Bolada batean nahiko marjinalak izan dira bi errealitate, bi elementu. Kezkatzen gaituena dela nola biziko garen. Izan ere, etxepean jende askotarikoa bizi dela, baina justuak izateko, horiekiko harremana nola kudeatzen dugu? Bere hitzetan, euskalgintza-feminismoa zentralitateak lagunduko digu hori lortzen.
Gaineratu du esaten dela hizkuntzak berdintasunean arituko direla, baina hori ez dela posible, hizkuntzak ez daudelako egoera berean. Berdinak izateko norbaiti aukera gehiago eman behar zaizkiola. Horregatik, soluzio hori ez da posible euskaratik pasatu gabe edo generoa kontuan izan gabe.
‘Izan daiteke feminista euskaltzale izan gabe’ galderari, Idurrek erantzun dio baietz eta pila bat daudela gainera. Norberarekin hasi eta bukatzen dena, alegia, bestela ezetz, ez dela egiazkoa.
Lorearen hitzetan, lotura horiek beti egin izan dira. Berak dioenez, feminismoak badu sentsibilizazio bat ohartzeko menderakuntzak ere badaudela, feminismoari gehiago kostatu zaiola hizkuntzara heltzea, horregatik, sensible izan behar dugula, eta feminismoa sensiblea dela. Lorearen ustez, inkoherentea da emakumeen aurka dagoena salatzea, eta hizkuntza ere hor dagoela ez konturatzea, eta esaten du galdera hau egin behar geniokeela geure buruari, zer egin dezaket nik feminismotik hizkuntzarekiko? Hizkuntzarekiko deserosotasuna nabariagoa dela.
Idurrek nabarmendu du emakumeen zapalkuntzarekikoa ez dela hainbestekoa, beranduago nabaritzen dugula. Euskaltzaleok errazago nabarituko ditugula gainerako deserosotasunak, hau da, euskaltzaletasunean errazagoa izan daitekeela horretaz ohartzea, min hori pasa dugulako. Aipatu du jendeak oso erraz detektatzen dituela hizkuntzarekin lotutako egoera horiek. Emakume izateagatik, ordea, “inerteago” daukagula, eta beranduago nabaritzen ditugula deserosotasunak.
Emakume euskaltzale eta feminista ez al dagoen kastaren behealdean galdetuta, Loreak dio hori ezin dela planteatu orokortasunean, bai maila pertsonalean, adibidez, autodefentsa eta irekitasunaren artean, berak irekiaren alde egingo lukeela dio, borroka egingo lukeela, bada, ez da komeni euskal komunitate itxi hori, irten egin behar dugula.
Idurreren ustetan, Euskal Herriko eremu euskaldunenak aberatsagoak dira, baina aipatzen du ez garela horregatik zapaltzaile sentitu behar, adibidez, berak klaseak gaztelaniaz ematerakoan ez daukala ziurtasunik dio, ahulago sentitzen dela, eta ikasleen aldetik ere, ba omen dira euskaldunak gaztelaniaz lotsatu egiten direnak.
Loreak esaten du, tabernaria etorkina den taberna batean, honek gaina hartuko diola berari, baina zoritxarrez, ez dagoela hainbesteko gatazka guk erdarara jotzen dugulako.
Pribilegioa ere hor dago eta boterea negoziazio bat da beti (Maialen Iriarteren adibidea).
Honetan Loreak aipatu du asimetria badagoela oraindik. Buruz buruko korapiloa dagoela, baina nola askatzen da hori modu justu batean? Denok espainolez eginda? Batzuetan galtzaile ateratzen garela dio.
Gai hauetan sakontzeko honako hau gomendatu digute: Idurrek Caliban eta sorgina liburua, “Sorginen ehizaren inguruko memoria feminista”. Loreak: Picara magazine aldizkariko artikulua: ‘Interseccionalidad a medias’. Eta Jakin aldizkarian klaseari, euskarari eta jatorriari buruzko artikuluak.